Axpe United erdi-finalista da jada; lau talderen arteko Play Off bat baliagarria izango da asteburu honetan final handirako bidea marrazteko
FUTBOLA | Aurten Durangon estreinatu den koadrilen arteko 7. Futbol Txapelketa bere zuzengune erabakigarrian sartu da. Ekimena urtarrilean hasi zen eta gero eta jende gehiago hurbiltzen da Tabirara igandeetan 7. futbol zelaiko partidekin gozatzera. Joan den asteburuan Gure FCk Hegoak taldearen aurka luzapenean lortutako garaipenarekin ezagutu zen lehen finalista; lehen postuan bukatu ondoren final handirako sailkatu dira.
Axpe Unitedek finalerdietarako txartela lortu du eta bere aurkaria igande honetan jokatuko den Play Off batetik aterako da. Bertan Hegoak VS Maka2 Delevantar eta Inter Panda VS Café Ibalizabal izango dira aurrez aurre. Irabazleek maiatzaren 19an neurtuko dituzte indarrak; astebete geroago finalerdiak jokatuko dira.
Oraingoz, Gure FCk Kings Leagueko final handia jokatuko du ekainaren 1ean.