DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangok patinete elektrikoen erabilera arautzeko kontsulta bat abiarazi du

Herritarrak, elkarteak eta tokiko erakundeak maiatzaren 31ra arte parte har dezakete euren ekarpenak eginez

Inkesta zabalik egongo da maiatzaren 31era bitarte

DURANGO | Udalak kontsulta publiko bat jarri du martxan, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen (MPI) erabilera arautuko duen udal ordenantza baten aurretik herritarren iritzia jasotzeko helburuarekin. Ordenantzak patinete elektrikoak, monopatinak, patinak eta antzeko ibilgailuak arautuko ditu.

Ekimen hau herrian horrelako ibilgailuen erabilera gero eta handiagoa dela eta sortzen ari diren segurtasun-arazoak eta bizikidetza-gatazkak direla eta abiarazi da. Udalak ordenantza berria herritarren behar eta ekarpenetatik abiatuta sortu nahi du, eta horretarako ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea.

Parte hartzea irekia eta anonimoa da, eta interesa duten herritar, elkarte edo erakundeek maiatzaren 31ra arte  parte hartu dezakete helbide honetan: https://partehartu.durango.eus. Bertan hainbat galdera zehatz agertzen dira, besteak beste, eguneroko arazoei buruzkoak, ordenantza baten beharrari buruzkoak, ordenantzaren helburuei buruzkoak, eta arau alternatibei buruzkoak. Horrez gain, iritzi edo proposamen pertsonalak idazteko espazio librea ere badago.

Parte-hartze epea amaitu ondoren, Udalak jasotako ekarpen guztiak aztertuko ditu, eta ondorioen txosten bat argitaratuko da udalaren webgunean. Horren arabera, etorkizuneko ordenantzaren zirriborroa lantzeko erabakiak hartuko dira.

Durangoko Udalak herritarrak beren iritzia ematera animatzen ditu, guztion artean seguruagoa, antolatuagoa eta elkarbizitzarako egokiagoa izango den Durango bat eraikitzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top