Gazteen Euskal Kopa eta Emakumezkoen Euskal Kopa hartuko ditu maiatzaren 30etik ekainaren 15era

DURANGO | Euskadiko Futbol Federakundea eta Durangoko Udalak Euskal Kopen ospakuntzarako akordioaren berritzea aurkeztu dute Tabirako Futbol Zelaian. Tabirak, ‘Durango Euskadiko Futbolaren Egoitza’ lelopean Kadeteen Euskal Kopa, Gazteen Euskal Kopa eta Emakumezkoen Euskal Kopa hartuko ditu.
Bai Euskadiko Futbol Federakundeak zein Durangoko Udalak elkarlanean jarraitzen dute beste motatako ekintzak aurrera ateratzeko udalerriak eskainitako erraztasunak, instalazioak eta kokapena kontuan hartuta.
Mireia Elkoroiribe alkatea Durangoko Udalaren izenean eta Javier Landeta Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak aurtengo denboraldian txapelketak berriro hartuko dituen udalerrian ofizialdu dute hitzarmena. Landeta oso pozik agertu da Durango Euskal Kopentzako egoitza izaten jarraituko delako: “Euskal Federakundearentzat, Durango ez da Euskal Kopak bakarrik, azken urteotan euskal futbolaren bilgunea izan da, gure meeting point-a, gure batzarren egoitza, non gure futbolaren erabaki subiranoak hartu diren, eta mundu mailan hain garrantzitsuak diren Uruguaiko Federakundea bezalako entitateekin harremanak estutzeko aukera eman digun espazioa. Horri esker, gure futbola eta gure herria gure mugetatik haratago hedatu dira”.
Elkoroiribek adierazi du oso pozik dagoela denboraldi honetan Tabira Kadete, Gazte eta Emakumezkoen Euskal Kopen egoitza gisa mantentzen duen akordioaren berrikuntzarekin. “Durangorentzat harro eta pozik egoteko moduko arrazoia da lehiaketa horiek berriro hartzea, euskal kirolaren erreferente izateaz gain, gure udalerrirako motor sozial eta ekonomiko garrantzitsua ere badirelako. Ekitaldi horiek tokiko ostalaritza eta merkataritza dinamizatzen duten familiak, zaletasunak eta bisitariak erakartzen dituzte, eta gure gazteei oinarrizko kirolaren eta emakumezkoen kirolaren emozioa lehen pertsonan bizitzeko aukera eskaintzen diete. Durangon, futbola pasioz eta konpromisoz bizi da, eta Udalak kirol instalazioak hobetzearen alde egiten jarraituko du, hala nola Tabira, taldeei zein zaleei baldintzarik onenak eskaini ahal izateko”.
Honakoak izango dira partidak:
- Emakumeen Euskal Kopa maiatzak 30 (ostirala arratsaldez finalerdiak) eta ekainak 1 (igandea goizez finala). Tabiran.
- Gazteen Euskal Kopa ekainak 6 (ostirala arratsaldez finalerdiak) eta ekainak 8 (Igandea goizez finala). Tabiran.
- Kadeteen Euskal Kopa ekainak 13 (ostirala arratsaldez finalerdiak) eta ekainak 15 (Igandea goizez finala). Tabiran.
Horrela bada, Tabira Kadeteen Euskal Kopa, Gazteen Euskal Kopa eta Emakumezkoen Euskal Kopako Final Four-etara iristen diren taldeentzako agertokia izango da.
Durangoko Udalak eta Euskadiko Futbol Federazioak futbol jaialdi handi honetan parte hartzera gonbidatzen ditu herritar guztiak.