Ekitaldia larunbat honetan izango da, Santa Ana elizan, 17:00etan.
DURANGALDEA | Bogoroditsie Abesbatza, Durangoko Orfeoia, Izar Gaztea, Abes-Kimu Abesbatza, Zornotzako Korala, Iurretako Koroa eta Doinu Zahar abesbatzek kontzertu solidarioa eskainiko dute datorren larunbatean, 17:00etan, Santa Ana elizan, urriaren 29ko DANAk kaltetutakoentzako dirua biltzeko helburuarekin.
Kontzertuan bildutako dirua Save The Children erakundearentzat izango da, erakunde horrek kaltetuei laguntza modu eraginkorrean helaraz diezaien. Kontzertuan zehar, dohaintzak egin ahal izango dira, bai fisikoki bai telematikoki, QR kodeak martxan jarriko dira, antolatzaileek azaldu dutenez. Gainera, abesbatza hauek “emozioz eta musikaz beteriko arratsalde ahaztezina eskainiko dute, zailtasunen aurrean gure komunitateen elkartasuna eta batasuna nabarmenduz”. Horregatik guztiagatik, elkartasun proiektuan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. «Ekarpen bakoitzak bere garrantzia du, eta elkarrekin asko egin dezakegu denboraleak eragindako familiei laguntzeko», azaldu dute.