Amorebieta-Etxanoko kaleak kolorez beteko dira otsailaren 13tik 17ra bitartean

AMOREBIETA-ETXANO| Dena prest dago Amorebieta-Etxanon inauteriak ospatzeko.Otsailaren 13an, ostirala, hasiko da egitaraua.
Horrela, otsailaren 13an, 17:00etatik aurrera, ludotekan, eskulan tailerra izango da, eta 18:00etan, Gaztedi Berri Fanfarria taldeak girotuko du festa Abasolo Apezpiku kalean. 19:00etan, Zelaieta parkeko kioskotik Zubiondora abiatuko da kalejira, Perubelen aurkezpenarekin eta Udazken gaitero taldearen laguntzarekin. Kalejira horren ondoren, 19:30ean, txorizo eta sagardo dastaketa egingo da Zubiondo plazako karpan, DJ Xaiborren musikaz lagunduta, festa gauean barrena luzatzeko.
Otsailaren 14an, larunbatean, ospakizunek jarraipena izango dute. 12:30ean, Udabarri Dantza Taldeak inauterietako dantza tradizionalak eskainiko ditu herriko kaleetan. Arratsaldean, 17:00etan, inauterietako photocalla jarriko da Zubiondo plazako karpan, eta aldi berean eskulan tailerra egingo da ludotekan. 18:00etan, “Harreman” umeentzako ikuskizuna eskainiko du Zirkozaurrek Zelaieta parkean. Eguna amaitzeko, 19:00etan, TRIKI PIU PAND taldearen kalejira izango da San Juan kaletik abiatuta, Gernika plaza, Andra Mari plaza eta Zezilia Gallartzagoitia plazaren inguruan. Eta otsailaren 16an, astelehenean, 11:30ean, inauterietako pintxo lehiaketa ospatuko da, Nafarroa Zentroan. Lehiaketan, inauterietako ogi txigortua izango da osagai nagusia.
Azkenik, otsailaren 17an, asteartea, Euskal Mitologia Desfilea eta Lehiaketa egingo dira 11:30ean Nafarroa Zentroan, bertako erabiltzaile eta profesionalen parte-hartzearekin. Arratsaldean, 17:00etan, Polaroid photocalla eta Instagram bidezko mozorro lehiaketa egingo dira ludotekan, eta eskulan tailerrak gaztetxokoan. 18:00etan, ENE KANTAK taldeak “Dantzan” umeentzako ikuskizuna eskainiko du Zubiondo plazako karpan. Inauteriei amaiera emateko, 19:00etan, Zubiondo plazatik Zelaietara abiatuko da azken kalejira, Perubelen agurrarekin, Udazken gaitero taldearekin eta Zinbulu Dantza Bertikala taldearekin.
Amorebieta-Etxanoko Udalak zornotzar guztiak inauteriez gozatzera animatzen ditu, herriko kaleak giroz, kolorez eta parte-hartzez betez, eta egitarauak eskaintzen dituen ekitaldi eta proposamenetan parte hartzera gonbidatuz.


