Apirilaren 17tik 20ra Elorrioko altxorrak ezagutzeko hitzorduak antolatu ditu turismo bulegoak

ELORRIO | Aste Santuko datetan egin ohi duen bezala, udalerriko hainbat interesgune sakontasunez ezagutzeko aukera eskainiko du Elorrioko turismo bulegoak. Denera zazpi bisita gidatu egingo dira, lau euskaraz eta hiru gazteleraz.
Hala, apirilaren 17an eta 19an basilikaren barrenak ikusteko aukera egongo da, eta 16 urtetik gorakoak kanpandorrera igo ahal izango dira. Apirilaren 17an eta 18an Argiñetako altxorretara egingo dute irteera, apirilaren 18an eta 20an gurutzeen bidean murgilduko dira, eta apirilaren 19an hiribilduan zehar egingo dute ibilaldia, bertako harribitxien balioaz jabetzeko. Bisitek 45 minutu eta 2 ordu artean iraungo dute, tokiaren arabera.
Parte hartzeko aurrez izena eman behar da turismoa@elorrio.eus helbidera idatzita edo hurrengo bi telefono zenbakietara deituta: 946 82 01 64 / 688 77 62 70. Taldeak gutxienez bost lagunekoak izango dira, eta gehienez hogeikoak. Pertsona bakoitzak 3 euro ordainduko du bisita bakoitzeko, eta ordainketak txartelarekin egin beharko dira.