BTT Iñakiren Bideak probak 430 kilometro inguru zituen asteburu honetan Euskal Herrian zehar bizikletaz
TXIRRINDULARITZA | Senideek, lagunek eta mendiko bizikletazaleek Iñaki Lejarreta omendu dute asteburu honetan. BTT Iñakiren Bideak proba finkatuaren edizio berri bat abiatu zen larunbat goizaldean Berrizen, 2012ko abenduaren 16an zorigaiztoko istripu batean hil zen kirolaria omentzeko asmoz.
Aurten ere, Euskal Herria bizikletaz zeharkatzeko hainbat herri eta lurraldetan izan zen proba. Bederatzi etapatan banatuta, igande arratsaldean Berrizburun amaitu zen 430 kilometro inguruko txandakako ibilbidea. «Beti bezala, balorazio super positiboa. Txanda guztiak gorabeherarik gabe eta garaiz osatu ahal izan ziren. Aurreko egunetako eguraldi txarraren eta iragarpen ezegonkorraren ondorioz, parte-hartzea murriztu egin zen, baina txanda bakoitzean ezinbestekoak zirenek ez zuten hutsik egin. Azkenean eguraldiak asko errespetatu zuen, eta batez ere larunbatean tenperatura perfektua izan zuten, nahiz eta tarte batzuk lokaztuta egon aurreko egunetako euriteen ondorioz.
Zalantzarik gabe, aukera paregabea eta aitzakia ezin hobea Iñakiren Bideak elkarteko kide garen guztiok berriro elkartzeko, urtetik urtera sendotzen ari baita, erreleboetan parte hartzen duten taldeen arteko adiskidetasun harremanak indartuz. Berrikuntza gisa, aurten zenbait etapatan parte-hartzaile gazte berriak izan dira, belaunaldien erreleboa hartzen ari direnak. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu Iñakiren Bideak komunitatea osatzen dugun guztioi, era batera eta bestera proiektu hau kirol librea bultzatzeko errealitate eta aukera izan dadin laguntzen dutelako: txirrindulariak eta ziklisten klubak, errelebistak, laguntzaileak, koadrila; laguntza ikaragarria bertaratzearekin eta hornidurarekin. Azkenik, Berrizko Udalaren babesa eskertu dute», adierazi dute antolatzaileek.