DOT Durangaldea

Aurrera doa Zornotzako tokiko merkataritza eta ostalaritzaren egoera aztertzeko ikerketa

Lanketa honen bitartez sektorearen egungo egoera ezagutzea du helburu Udalak

Pasa den urtarrilean informazio-saio bat egin zen

AMOREBIETA-ETXANO | Udala tokiko merkataritza eta ostalaritzaren egoerari buruzko ikerketa eta diagnostiko egiten ari da gaur egun. Ekimen honen bidez, udalerriaren errealitatea aztertu nahi da, sektorearen erronkak eta aukerak identifikatzeko eta, ondoren, merkataritza- eta ostalaritza-sarea dinamizatu eta indartzeko estrategiak garatzeko.

Lanketa honen helburu nagusia da sektoreko egungo egoera hobeto ezagutzea eta, horren bidez, Amorebieta-Etxanoko merkataritza eta ostalaritzaren garapena bultzatzea, herriko ekonomia eta zerbitzuen kalitatea sendotuz. Azken finean, Udalaren asmoa da zornotzarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten neurriak identifikatzea, tokiko sare ekonomiko sendo eta dinamikoa sustatuz.

Tokiko merkataritza eta ostalaritzaren egoera aztertzeko prozesua

Prozesu honen baitan, pasa den urtarrilean informazio-saio bat egin zen Zelaieta Zentroko auditorioan, udalerriko merkatariei eta ostalariei zuzenduta. Saioaren helburua izan zen abian jarritako ikerketa azaltzea, haren nondik norakoak partekatzea eta sektoreko profesionalen ekarpenak jasotzea.

Topaketan, Tarazaga enpresako proiektu-zuzendari Alfredo Rodríguez-Berzosak azterlanaren helburuak eta lan-ildo nagusiak aurkeztu zituen, eta parte-hartzaileek beren iritziak eta proposamenak partekatzeko aukera izan zuten.

Udalak azpimarratu du sektoreko eragileen parte-hartzea funtsezkoa dela prozesu hau errealitatera egokitua eta benetan erabilgarria izan dadin. Horregatik, merkatarien eta ostalarien ikuspegia eta esperientzia zuzena kontuan hartuko dira, udal-politikak eta etorkizuneko ekintzak modu partekatuan definitzeko.

Ikerketa eta diagnostiko honen emaitzek oinarri sendoa eskainiko dute tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzeko neurriak diseinatzeko, eta, horrela, Amorebieta-Etxanok kalitatezko zerbitzuak eta jarduera ekonomiko bizia eskaintzen jarrai dezan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top