DOT Durangaldea

Arineketan eta Haatik Dantza Hiruzulo Folk Jaialdiaren buru Durangon

Jaizalek antolatutako jaialdiaren laugarren edizioa larunbat honetan izango da, 19.00etan, San Agustinen

Hiruzulo Folk Jaialdiaren aurkezpena

DURANGO | Gaur arratsaldean aurkeztu da Durangon Hiruzulo Folk Jaialdiaren laugarren edizioa. Jaialdia martxoaren 7an, larunbatean, 19.00etatik aurrera izango da San Agustin Kultur Gunean, eta Jaizale elkarteak antolatuta. Doako sarrerarekin eta formatu handiko ikuskizunaren aldeko apustuarekin, lau ediziotan tokiko kultur egutegian bere lekua sendotzea lortu duen hitzordua da dagoeneko. Paule Sanchez Kultura eta Euskara zinegotziak azpimarratu du “urtez urte hazten doan ekimena dela eta dagoeneko erreferente bihurtu dela bai gure herrian eta bai txistuaren esparruan”, tradizioa eta gaurkotasuna uztartzeko duen gaitasuna nabarmenduz.

Aurtengo edizioan, Arineketan taldea izango da protagonista nagusia, Haatik Dantza konpainiarekin batera Zaharrak Berri proiektua aurkezteko. Iñar Sastre (pianoa) eta Jagoba Astiazaranek (txistua) gidatutako bikoteak 2020tik garatzen duen ildoari jarraitzen dio proposamenak: euskal musika tradizionala berritzea, herri-dantzetako erritmo eta doinuak gaur egungo begiradatik berrinterpretatuz. Oraingoan, gainera, egile ezezaguneko kantu tradizionalak eguneratzea dute ardatz, ondarea berreskuratu eta galtzeko arriskuan dauden doinuei bizitza berria emateko asmoz, publiko berrietara hurbilduz.

Formatu handiko ikuskizuna

Ikuskizunak diziplina anitzeko izaera izango du. Oholtza gainean elkartuko dira Xabi Zeberio (biolina), Ainara Ortega (ahotsa) eta Agate Amilibia (biolontxeloa), Oihana Iguaran bertsolariarekin batera, pianoa, txistua, hari-instrumentuak, bertsoa eta dantza zuzenean uztartuko dituen muntaketan. Dantza atala Haatik Dantza konpainiaren esku egongo da; 2011n sortua, Aiert Beobidek zuzentzen du artistikoki.

Sanchezen hitzetan, jaialdiak berriro erakusten du Durangok “kultura egiteko gogoa, indarra eta talentua” dituela. Horrela, Hiruzulok ondarearen zabalkundea, sorkuntzaren babesa eta herritarrentzako sarbide irekia uztartzen dituen apustu instituzionala sendotzen jarraitzen du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top