Zornotzarrek irailaren 3an ezagutuko dute euren aurkaria txapelketako final-hamaseirenetan

FUTBOL | Urdinek Federazio Kopako fase nazionalerako sailkapena lortu dute, fase autonomikoaren finalean Gernika mendean hartuta. Aitor Zulaikaren mutilek 3-1 irabazi zuten asteazkenean Urritxen jokatutako neurketan. Talde zornotzarraren golak Torrikok -lehen zatiko azken txanpan- eta Arzalluzek eta Zorrillak -bigarrenaren hasierako minutuan- sartu zituzten. Bisitariek 90 heltzear zenean makillatu zuten markagailua.
Euri fin baina etengabearekin, derbia berdinduta hasi zen, menderatzailerik gabe, zelai erdian borroka handiarekin eta areetan abagune gutxirekin. SDA abagune argia sortzeko zorian egon zen hasierako txanpan, Marouane arean sartu zenean, baina Zorrillaren bila egindako pasea Lorentek geldiarazi zuen salbatzaile. Neurketak abisu lotsatiekin jarraitu zuen, baina ez nahikoak markagailua irekitzeko. Partida atsedenaldira hasierako 0-0ekoarekin helduko zela zirudienean, aurkariaren atzealdean ulermen falta batek Torricoren eta San Nikolasen arteko buruz burukoa erraztu zuen. Aurrelariak atezainaren gainetik bidali zuen baloia eta, zutoinean jo ondoren, goleko marra gainditu zuen, urdinei abantaila emanez aldageletara joan aurretik.
Gureak bikain itzuli ziren atsedenalditik. Torricoren aukera San Nikolasek gelditu zuen bigarren zatia hasi eta berehala, baina 48. Minutuan 2-0ekoa heldu zen. Marouanek baloia jarri zuen area barruan, Ituartek pasatzen utzi zuen eta Arzalluz agertu zen atzetik eskuadratik sartzeko. Urdinak ez ziren konformatu eta erasoan jarraitu zuten. Horrela, 56. minutuan Torrico area barruan bota zuten eta epaileak penaltia adierazi zuen. Zorrillak jaurtitzeko ardura hartu zuen eta ez zuen huts egin. Torrico bera laugarren gola sartzetik gertu egon zen 65.ean. Bere burukadak zutoinean jo zuen. Gernikak ere aukera ona izan zuen amaieratik ordu laurdenera, baina Altamirak hegan egin zuen gola saihesteko. Bisitariek ez zuten amore eman eta azken unera arte estutu zuten. Ahalegin horren saria 88an lortu zuten, Frunizek behin betiko 3-1 ezarri duenean.