Aitor Zulaikaren mutilen hurrengo hitzordua asteazken honetan izango da, Las Llanasen.

FUTBOL | Urdinek denboraldiaurreko lagunarteko berri bat jokatu dute gaur Gazituagan, SD Zamudioren aurka. Etxeko taldeak lortu du garipena zzken txanpan sartutako gol bati esker. Aitor Zulaikaren mutilen hurrengo hitzordua asteazken honetan izango da, Las Llanasen. Sestao Riverren aurka neurtuko dituzte indarrak Federazio Kopako Euskadiko faseko finalerdian.
SDAren hasierako hamaikakoa Murgoitio, Mendibe, Odei, Aranceta, Hernaiz, Ituarte, Peru, Asier Sánchez, Reka, Lulu eta Etxanizek osatu dute. Norgehiagokan zehar, aulkitik Entrecanales, Goie, Bikandi, Ceballos, Torrico, Hodei Rodríguez eta Zorrilla sartu dira.
Etxeko taldeak aukera paregabea izan du hasi bezain laster, baina Murgoitiok geldiketa bikaina egin du. Urdinek berehala eskuratu dute partidaren nagusitasuna eta une askotan inguratu dute arerioaren area, baina abagune oso argirik gabe. Zornotzarren aukerarik onena 40. minutuan iritsi da, Luluk etxekoen atezaina luzatzera behartu duenean. Aldaratzearen ondoren, Etxanizen jaurtiketa, angelu gutxirekin, kanpora joan da. Horrela, partida hasierako markagailuarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian, neurketa parekatuagoa izan da, azken txanpara arte aukera gutxi izan direlarik. Luluk aurkariaren geldiketa on batekin egin du topo berriro eta, handik gutxira, Torricoren burukada gora atera da. 78. minutuan heldu da partidako gol bakarra. Oier Garai jokalari urdin ohiak sartu du etxekoen eraso azkar baten ondoren.