Obrak 6 hilabeteko iraupena izango du eta 1,3 milioi euroko aurrekontua.
AMOREBIETA-ETXANO | Zornotzarren bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, Amorebieta-Etxanoko Udala espazio publikoa hobetzeko hainbat proiektu gauzatzen eta bultzatzen ari da, irisgarriagoa eta atseginagoa izan dadin. Jauregizahar auzoko plaza berrurbanizatzeko proiektua da horietako bat. Dagoeneko hasita dauden lanek 6 hilabeteko iraupena eta 1,3 milioi euroko aurrekontua izango dute.
Jauregizahar auzoko plaza enblematikoa berritzeaz gain, espaloia zabalduz auzorako sarbideko segurtasuna ere hobetu da, herritarrek egindako eskaera bati erantzunez eta Aurrekontu Parte-hartzaileetan jasota. Udalak 26.000 euroko inbertsioa egin du auzorako sarbidea hobetzeko.
Gaur egun, Jauregizahar plazak ez ditu hirigintza-estandarrak betetzen eta, beraz, ez die behar bezala erantzuten herritarren beharrei. Horregatik, Udalak erreforma integral bat egingo du, dauden azpiegiturak eguneratzeaz gain, plazaren izaera ere birdefinituko duena, eta benetan funtzionala, segurua, modernoa, irisgarria eta abegikorra izango da guztiontzat, familien eta herritarren beharrei erantzuteko.
Plazaren diseinu berriak arreta berezia jartzen du pertsonen segurtasunean eta ongizatean, eta lehentasuna ematen die irisgarritasunari eta inklusioari. Hori dela eta, ibilbide seguruak eta kontrolagarriak sortuko dira, atsedenguneak sortuko dira, hiri-altzari berriak jarriko dira, eta landarediaren presentzia handituko da, itzala eskaintzen duten eta ikuspena oztopatzen ez duten espezieekin. Haur-parke bat ere jarriko da, adin guztietako haurren garapen sozio-pedagogikoa sustatuko duten jolas-elementuekin. Neurri eta irizpide horiekin guztiekin, plaza espazio segurua eta erosoa izatea bilatzen da, herritar guztien gozamenerako espazioa.
Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak jartzen ditu proiektu eta ekimen bakoitzaren erdigunean eta, zehazki, plazaren berrurbanizazioak berresten du Udalak bere herritarren eta zornotzar familien ongizatearekin eta bizi-kalitatearekin duen konpromisoa; zornotzar komunitate osoarentzat etorkizun inklusiboagoa, seguruagoa eta atseginagoa lortzeko aurrerapausoa.
Obrak amaitutakoan, Udalak plazako hiri-giroa sustatuko du, espazio berri hori inklusioaren, kohesioaren eta parte-hartze komunitarioaren isla izan dadin.
Ur mozketa astearte honetan
Era berean, bihar, irailak 17, ur mozketa egingo da Jauregizahar auzoko 7-18 zenbakien artean, edateko uraren sarea mantentzeko lanak egiteko. Mozketa 9: 00etatik 14:00etara egingo da.