DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zornotzako Auzotaxi Zerbitzua 24 orduz eskainiko da urteko 365 egunetan

Udalbatzak auzotaxi ordenantzaren aldaketa onartu du eta horren bitartez, zerbitzuaren ordutegia eta estaldura zabaldu dira

Taxi Zerbitzua arautzen duen ordenantza aldaketa onartu ditu

AMOREBIETA-ETXANO | Egindako ezohiko osoko bilkuran, Amorebieta-Etxanoko Udalak Taxi Zerbitzua arautzen duen Ordenantza eta Auzotaxi Zerbitzuaren Ordenantzaren aldaketa onartu ditu, azken honen kasuan, herritarren eskaerei erantzuna emanez. Horrez gain, aztergaien artean, hondakin-uren araztegiak eta udalerriko saneamenduko lehen mailako sarea ustiatzeko, kontserbatzeko eta mantentzeko kontratua luzatzea ere onartu da.

Udalerriko zerbitzuen kalitatea hobetzeko konpromisoan eta apustuan, Amorebieta-Etxanoko Udalak Taxi Zerbitzua arautzen duen lehen Ordenantza onartu du, zerbitzu publiko honi loturiko araudi argi eta egituratu bat ezartzeko beharrari erantzunez.

Orain arte, Amorebieta-Etxanoko Taxi Zerbitzuak ez zuen zerbitzua emateko baldintzak definitzen zituen inolako erregulaziorik, eta, horri erantzuna emateko, hain zuzen, idatzi da lehen ordenantza hau. Udalerriko taxistek parte hartu dute dokumentuaren osaeran eta kalitatezko zerbitzua emateko proposamenak eta iradokizunak egin ahal izan dituzte. Araudi hori onartuta, Udalak kalitatezko zerbitzua eskaintzea du helburu, bai erabiltzaileentzat, bai sektoreko profesionalentzat ere.

Hala, ordenantza honek funtsezko zenbait alderdi erregulatzen ditu, besteak beste, zerbitzua emateko lizentzien kopurua eta emakida, eskaintza herritarren beharretara egokitzen dela bermatzeko. Lizentzien transmisioa eta taxi gisa jardungo duten ibilgailuen ezaugarriak ere arautzen ditu, eskatutako segurtasun- eta irisgarritasun-estandarrak betetzen dituztela bermatzeko, hain zuzen. Azkenik, ordenantzak zerbitzuaren ezaugarriei ere heltzen dio, taxistek zein baldintzatan jardun beharko duten ezarriz, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzen laguntzeko.

Bestalde, Auzotaxi Zerbitzuaren Ordenantzaren aldaketa onartu du Amorebieta-Etxanoko Udalak. Zerbitzu honek hirigunetik urrunen dauden auzoak herriaren erdigunearekin lotzen ditu eta egindako aldaketa hori beharrezkoa da zerbitzua 8 urtez martxan egon ondoren.

Hala, zornotzarren eskaerei erantzunez, eta bereziki ZUOK gazteen parte-hartze prozesuaren bidez jasotako gazteen eskaerei erantzunez, ordenantzaren aldaketak hainbat hobekuntza nabarmen jasotzen ditu. Aldaketa esanguratsuena  zerbitzuaren ordutegia zabaltzea da; aurrerantzean, eguneko 24 orduetan, asteko 7 egunetan, erabilgarri egongo baita urte osoan zehar, erabiltzaileek zerbitzu hori edozein unetan erabili ahal izango dutela bermatuz.

Gainera, aldaketak zerbitzuaren estaldura zabaltzen die zornotzar gazteei, batez ere gaueko ordutegietan, hala nola ostiral eta larunbat gauetan, ZUOK partaidetza-prozesuan zehar gazteek egindako eskaerari erantzun zuzena emanez. Kolektibo horrentzat irisgarriak eta seguruak diren garraio-alternatibak eskaintzeko beharrari erantzuten dio aldaketa horrek, eta asteburuan haien mugikortasuna errazten du helburu.

Azkenik, bidaien irismena zabaldu da udalerriko egoitzetara joan behar duten pertsonentzat, eta bisita gehiago egiteko aukera eman zaie ospitaleratutako senideak dituztenei, egoiliarren eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzeko.

HUAren luzapena

Azkenik, udalbatzak Astepe eta La Bañerako hondakin-uren araztegiak eta Amorebieta-Etxanoko saneamenduko lehen mailako sarea ustiatzeko, kontserbatzeko eta mantentzeko kontratua luzatzea onartu du. Kontratu horrek urtebetez luzatzen du zerbitzua eta honen jarraipena 2026ko maiatzaren 21era arte aurreikusten du, udalerriarentzat funtsezkoak diren saneamendu-azpiegituren funtzionamendu egokia bermatuz.

Onarpen horiekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak lanean jarraitzen du herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, zerbitzu publikoak herritarren benetako beharretara egokituz eta garapen iraunkor eta parte-hartzailearen alde eginez.

 

 

 

 

 

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top