2024-2029 aldirako garatu du kutsadura akustikoa murrizteko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko zenbait neurrirekin
AMOREBIETA-ETXANO | Tokiko administrazioak behin betiko onartu ditu udalerriko Zaraten Mapa eta 2024-2029 Zarataren aurkako Ekintza Plana eta aurrerantzean herriko soinu ingurunea antolatzeko eta kudeatzeko funtsezko dokumentuak izango dira.
Osoko bilkuran onartu eta gero, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak lan honek zornotzaren ongizatea bermatzeko duen garrantzia azpimarratu du. “Zarata askotan oharkabean pasatzen den baina osasunean eragin kaltegarriak izan ditzakeen kutsadura modu bat da. Zaraten Mapa eta Zarataren aurkako Ekintza Plana onartzearekin batera, Amorebieta-Etxanoko bizi-kalitatea hobetzeko neurri eraginkorrak aplikatzeko datu zehatzetan oinarritutako erabakiak hartu ditugu. Udalerri lasaiagoa, jasangarriagoa eta osasungarriagoa nahi dugu, eta dokumentu hauek funtsezko urratsa dira hori lortzeko bidean“, adierazi du.
Izan ere, inguruneko zaratak eragin zuzena du herritarrengan, eta haien bizi-kalitatean eragina izan dezake. “Ildo horretan, zornotzarren ongizatea bermatzea izanik, hain zuzen ere, Udalaren lehentasun nagusia, dokumentu hauek udalerrian zaratak duen eragina identifikatzeaz haratago, zarata murrizteko irtenbide eraginkorrak garatzea ere ahalbidetzen dute”, zehaztu dute udaleko arduradunek.
Zaraten Mapa Amorebieta-Etxanoko hainbat eremutako soinu-mailak biltzen eta aztertzen dituen azterlan teknikoa da eta horretarako aintzat hartzen ditu herriko zarata emisio-iturri nagusiak, hala nola, trafikoa, trenbidea eta industria-jarduera.
Hala, Mapa honen garapenean, udalerriko trafikoaren, azpiegituren eta hirigintza-ezaugarrien inguruko datu errealak bildu eta jaso dira, eta, horri esker, kutsadura akustikoak gehien eragindako eremuak eta lehentasunezkoak direnak identifikatu ahal izan dira. Egindako azterlanaren arabera, Amorebieta-Etxanon, inpaktu akustiko handiena duten eremuak zirkulazio-bide nagusien inguruetan daude, hala nola, San Pedro kalean, Gudari kalean eta Legarrebi auzoan, baita trenbide edota industria guneetan ere.
Ekintza Plana
Udalerriko zarataren egungo egoera zehaztu ondoren, Udalak 2024-2029 aldirako Zarataren aurkako Ekintza Plana garatu du. Plan horren helburua da kutsadura akustikoa murrizteko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko zenbait neurri ezartzea.
Plan hau hiru ardatz nagusiren baitan egituratzen da:
- Zarata murriztea gehien kaltetutako eremuetan: zoladura fonoxurgatzaileak, pantaila akustikoak, zirkulazioa mugatzea…
- Espazio zaurgarriak babestea: isolamendu akustikoa ikastetxeetan, osasun-zentroetan eta egoitzetan, zarataren ordutegiak eta mugak arautzea bizitegi-eremuetatik hurbil dauden industria- eta merkataritza-jardueretan…
- Herritarrak kontzientziatzea eta parte hartzea: kutsadura akustikoari eta horrek osasunean duen eraginari buruzko sentsibilizazio-kanpainak, mugikortasun jasangarria bultatzeko ekimenak, espazio publiko lasaiak sortzea…
Zentzu horretan, Udalak Ekintza Plana gauzatzen eta haren jarraipena egiten jarraituko du, udalerriko ingurune akustikoa hobetzeko ardura duten eragile guztiak inplikatuz.