‘Greenpower Bridgestone Zirkuitua’ hilaren 23an gauzatuko da
Gazteek Gobblins modalitatean hartuko dute parte eurek eraikitako auto elektriko eta jasangarri batekin

AMOREBIETA-ETXANO | Beste urte batez, Amorebieta-Etxanok bat egin du ibilgailu elektrikoen “Greenpower Bridgestone Zirkuitua” deituriko lehiaketarekin. Ekimenaren bosgarren edizioa da aurtengoa eta hitzordua hilaren 23an izango da. 9 eta 25 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago eta helburu du gazteen artean zientziarekiko, teknologiarekiko, ingeniaritzarekiko eta matematikarekiko (STEM) interesa sustatzea, horretarako ibilgailu elektrikoak diseinatuz, eraikiz eta horiekin lehiatuz. Zornotzak bizkaiko beste bi herrirekin batera hartuko du parte, Bilbo eta Barakaldo, hain zuzen ere. Erronka honen helburu nagusia da gazteen artean mugikortasun iraunkorra eta berrikuntza sustatzea.
Lasterketetan aurrez zehaztutako ibilbide bati ahalik eta bira gehien egin behar dizkiete ibilgailuek. Ibilgailuen motor elektrikoa eta bateriak berdinak izango dira guztientzat baina parte-hartzaileek autoaren karrozeria eta haren alderdi mekanikoak eta elektrikoak diseinatu behar dituzte, errendimendua hobetze aldera. Lasterketetan, bateria agortu gabe kilometro gehien egitea lortzen duena da irabazlea; beraz, ez du azkarrenak irabazten, modu eraginkor, energetiko eta jasangarrian gidatzen duenak baizik.
Lehiaketa larunbat honetan, martxoak 15, abiatuko da Bilbotik. Bertan “STEM jaialdia” egingo da San Mameseko zabalgunean eta lehen aldiz, hezkuntza-programa honetako kategoria guztiak bilduko dira. 8 eta 11 urte bitarteko ikasleek Gobblins modalitatean hartuko dute parte eta 11 eta 25 urte bitartekoek f24 eta f24+ kategorietan.
Ondoren, martxoaren 23an Amorebieta-Etxanora helduko da eta egun horretan, 9-11 urte bitarteko gazteek Goblins modalitatean parte-hartuko dute.
Barakaldok ere parte hartuko du, ekainaren 8an Herriko Plazan egingo den lasterketarekin.
Greenpower Bridgestone Zirkuitua, konponbide aurreratuetan eta mugikortasun iraunkorrean munduko liderra den Bridgestonek enpresak babesten du, Alfonso Líbano Firestone fundazioarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, tokiko udalekin (horien artean, Amorebieta-Etxanoko Udala) eta Enekuri Motor eta Autonervión ibilgailuen kontzesionarioekin batera.