Udalaren esanetan zerbitzuen jarraitutasuna eta kalitatea bermatzeko

AMOREBIETA-ETXANO | Ostiral honetan egindako osoko bilkuran, Amorebieta-Etxanoko Udalak 2026rako ordenantza fiskalak onartu ditu. Ordenantza horiek % 2,8ko igoera orokorra jasotzen dute (uztaileko urtetik urterako KPI kontuan hartuta), udal zerbitzuen jarraitutasuna eta kalitatea bermatzeko.
Kostu operatiboak oro har handitzen jarraitzen duten testuinguru honetan, neurri honen helburua da familia zornotzarrek zerbitzu eskuragarriak eta kalitatezkoak dituen udalerri batez gozatzen jarraitzea. Zerga eta tasen % 2,8ko igoera, beraz, funtsezko zerbitzu horien prestazioari eragiten dion KPIaren igoerara egokitzeko beharraren ondorio da.
Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak azaldu duenez, “igoera honen helburua da kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izatea bermatzea, kostua familia zornotzarrengan neurriz kanpokoa izan gabe. Gure konpromisoak berdina izaten jarraitzen du: zornotzar bat bera ere atzean ez geratzea”.
Egokitzapen horren bidez, funtzionamendu-kostuen igoerari erantzun nahi zaio, eta, aldi berean, herritarrek gizarte-arretan, kirolean edo kulturan espero dituzten kalitate-estandarrak mantendu nahi dira.
Azkenik, Salterainek azpimarratu du igoera ahalik eta moderatuena izan dadin lan egin dela, egungo beharretara egokituz. “Udal zerbitzuak zornotzar guztientzat eskuragarri izatea nahi dugu, kostuen igoerak eskaintzen dugunaren kalitatea arriskuan jarri gabe. Herritarren zerbitzura egongo den Amorebieta-Etxano baten aldeko apustua egiten jarraitzen dugu”, esan du alkateak.
2026an mantenduko diren hobariak: gizarte-, kultura- eta ingurumen-babesa
Udalak aurreko urteko hobari guztiak mantenduko ditu familia zornotzarrak babesteko, kultura eta kirolerako sarbidea errazteko eta jasangarritasuna sustatzeko helburuarekin:
- Kultura eta kirola: % 30etik % 50era bitarteko deskontuak Musika Eskolan, udalekuetan, Zornotza Aretoan eta familia ugarientzako, gazteentzako (30 urtera arte), langabetuentzako, diru-sarrera txikiak dituztenentzako (DBEren arabera) edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua dutenentzako ( %100era bitarte kasu batzuetan).
- Gazteak: % 30 eta % 42 bitarteko hobari espezifikoak 14 eta 30 urte bitarteko gazteentzako kultura- eta kirol-zerbitzuetan.
- Jasangarritasuna:
- % 75 eta % 95 arteko deskontua Ibilgailu elektrikoen eta hibridoen gaineko zergan.
- % 50eko hobariak energia berriztagarriak instalatzen dituztenentzat.
- % 30etik % 50era bitarteko murrizketak eraginkortasun energetiko ona duten etxebizitzetan (A edo B ziurtagiria).
 
- Birziklapena (Zabor tasari loturiko hobariak)
- % 90eko hobariak egoera ekonomiko zaurgarrian dauden pertsonentzat (kotizazio gabeko pentsioa, DSBE edo GGI).
- % 30eko hobariak kuota espezifikoan edukiontzi marroiaren erabilera jarraitua egiten dutenentzat (gutxienez 8 erabilera hilean, gutxienez 10 hilabete aurreko urtean).
 
- Beste zerga batzuk: hobariak aurreikusten dira OHZn, ibilgailuen gaineko zergan eta saneamendu-kanonean, baldintza jakin batzuk betetzen badira (erroldatuta egotea, ordainketak egunean izatea, etab.).
 
								 
								 
								 
								 
								 
								 
								 
								 
															


