Egungo alkateak zornotzarren afiliatuen aho bateko babesa jaso zuen joan den asteazkenean

AMOREBIETA-ETXANO | Jarraitutasunaren aldeko apustua Amorebieta-Etxanon. EAJ-PNV Zornotzak Ainhoa Salterain Gandarias aukeratu du ofizialki alkategai gisa 2027ko udal hauteskundeei begira. Egungo alkateak zornotzarren afiliatuen aho bateko babesa jaso zuen joan den asteazkenean egindako udal batzarrean.
Gauzak horrela, Salterainek berriro alderdi jeltzalearen zerrendaburu izateko urratsa emango du, kargua berritzeko eta legealdi honetan abiatutako kudeaketari segida emateko asmoz.
Udalerriko aginte-makila eskutan daraman lehen urte hauen ostean, hautagai jeltzaleak herriaren etorkizuna gidatzen jarraitzeko konpromiso irmoa agertu du: «Urte hauek oso biziak izan dira, eta gure herriaren indarguneak, kezkak eta asmoak hobeto ezagutzeko aukera eman didate», azaldu du Salterainek.
Alkateak azpimarratu du herritarren parte-hartzean oinarritutako ereduarekin lanean jarraitzeko konfiantza osoa duela: «Legealdiaren hasieran abiatu genuen proiektu kolektiboan sinesten dut oraindik; Arkalaz, elkarrekin gure herria eraikitzen ari gara. Niretzat benetako harrotasuna da herritarrek Ametsetatik Herrira bezalako proiektuetan hain aktiboki parte hartzea».
Iragarpen honekin, EAJ-PNV Zornotza eskualdeko lehen alderdietako bat izan da fitxa mugitzen eta 2027ko hauteskunde-hitzorduari begira bere lidergoa argitzen.


