DOT Durangaldea

Aholku Sareak urteko balantzea aurkeztu du Amorebieta-Etxanon

2025ean, aipatu sareak aurreko urtean baino ia mila pertsona gehiago artatu zituen

Aholku Sareak 12.822 pertsona artut zituen Bizkaian

AMOREBIETA-ETXANO | Aholku Sareak arreta ematen die atzerritartasunean orientazio juridikoa behar duten etorkinei eta gizarteratze-prozesuekin bat egiten duten administrazio publikoetako eta hirugarren sektoreko erakundeetako profesionalei. Helburu nagusiak honako hauek dira: atzerritarren erregularizazio administratiboa erraztea, gerora sortutako irregulartasuna prebenitzea (lege-arazoak, baimenik ez izateagatik), eta familian bizitzea eta oinarrizko eskubideak baliatzea bultzatzea.

Aholku Sarea Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta lau eragile-motak osatzen dute, atzerritartasunaren arloan informazioa, orientazioa eta aholkularitza juridikoa ematen laguntzen dutenak. Hauek dira zerbitzua ahalbidetzen duten eragileak:

1.- Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Saileko Etorkinak Hartzeko eta Integratzeko Zuzendaritza

2.- Biltzen – Laguntza Juridikorako, Integraziorako eta Kultura arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzua, Eusko Jaurlaritzarekin lotura duena eta aurrez aurrekoa ez den arreta eskaintzen duena (e-mailez eta telefonoz)

3.- Hiru lurralde historikoetan jarduten duten eta aurrez aurreko arreta eskaintzen duten zortzi gizarte-erakunde: Zehar-Errefuxiatuekin, Cruz Roja-Euskadi, Bilboko Elizbarrutiko Caritas, Kosmopolis, SOS-Arrazakeria Gipuzkoa, Bidea Eginez, Cite-CCOO eta Adiskidetuak.

4.- Aurrez aurreko arreta eskaintzen duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak.

Arreta eta aholkularitza guneak

Aholku Sareak 40 arreta-gune baino gehiago ditu Euskadin, honako 34 udalerri hauetan banatuta:

· GIPUZKOA: Irun, Donostia, Eibar, Arrasate, Zarautz, Beasain, Errenteria, Tolosa, Urretxu, Mutriku, Azpeitia eta Bergara.

· ARABA: Gasteiz, Laudio, Agurain, Amurrio, Espejo, Kanpezu, Oion eta Guardia.

· BIZKAIA: Bilbo, Bermeo, Gernika, Zalla, Mungia, Getxo, Barakaldo, Portugalete, Ondarroa, Ermua, Amorebieta, Markina, Lekeitio eta Durango.

Aholku Sareak atzerritartasunari buruzko hainbat gairi buruzko aholkularitza ematen du:

• Salbuespenezko egoeren ondoriozko bizileku-baimenak (familian, gizartean, arrazoi humanitarioengatiko edo genero-indarkeriagatiko errotzea).
• Ikasketengatiko eta luzapenengatiko egonaldiak.
• Iraupen luzeko egoitza edo EBkoa.
• Adingabe atzerritarren egoera.
• Berritzeak, familia berriz elkartzea, erregimen komunitarioa eta baimenen aldaketak.

Iaz, 15.459 pertsona (partikularrak eta profesionalak) artatu zituen sareak Euskadin; 8.731 Bizkaian, 3.949 Gipuzkoan eta 2.779 Araban. Guztira, aurreko urtean baino 979 pertsona gehiago.

Era berean, 29.122 kontsulta jaso eta erantzun ziren (partikularrak eta profesionalak). Bizkaian 12.822 kontsulta izan ziren, Gipuzkoan 11.392 eta Araban 4.908. Guztira, aurreko urtean baino 1.663 kontsulta gehiago izan ziren. Abokatuen elkargoetara 250 bideratu ziren (Bizkaia: 150, Gipuzkoa: 67 eta Araba: 20).

“Igoera hori, ziurrenik, Atzerritarrei buruzko Legeriaren iazko aldaketaren ondorio izango da. Errealitate horren aurrean, Euskadin lan egin dugu informazio zorrotza, orientazio eskuragarria eta laguntza profesionala emateko, inor administrazio-ziurgabetasunean harrapatuta gera ez dadin. Arretari buruzko

datuez gain, Aholku Sareak ahalegina egin du erregelamendu horren aldaketari buruzko informazio-hitzaldiak emateko. 42 informazio-saio eskaini dira Euskadiko hainbat puntutan, eta 634 pertsona bertaratu ziren” adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.

Sarearen bestelako datuei dagokienean, erabiltzaileen % 57 emakumeak dira eta % 43 gizonak. Artatutako nazionalitateen kopuruari dagokionez, 81 izan ziren: Kolonbia, Maroko, Venezuela, Peru, Honduras, Nikaragua, Bolivia, Nigeria, Senegal, Ekuador eta Aljeria.

“Nola erroldatu, etxebizitza bat nola eskuratu, haurrak eta gazteak nola eskolaratu, eta haien administrazio-egoera erregularizatzeko zer ibilbide jarraitu behar duten jakiteko lehen gunea gara. Eta hori guztia gaur egungo errealitateaz erabat jabetuta egiten dugu: gaur egun, zaila da etxebizitza eta errolda lortzea, eta, hala ere, biak ezinbesteko baldintza dira funtsezko eskubideak eskuratzeko, hala nola osasuna, hezkuntza, enplegua edo gizarte-babesa” azaldu du Rocio Calderonek, Adiskidetuak elkarteko bozeramaile eta Irungo Aholku Sareko kidea denak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top