DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Adinekoen etxeetan bainuontzien ordez dutxak ezartzeko dirulaguntzak Durangon

Gizarte ekintzako elkarteentzako diru-laguntzek 55.000 euroko aurrekontua dute (2024an baino 10.000 euro gehiago)

Udalak bi laguntza-deialdi garrantzitsu jarri ditu abian

DURANGO | Durangoko Udalak, Gizarte Ekintza arloaren bitartez, durangarren bizi-kalitatea hobetzeko bi laguntza-deialdi garrantzitsu jarri ditu abian.

Alde batetik, Durangon edo tokiko biztanleentzat jarduerak egiten dituzten eta Eusko Jaurlaritzaren erregistro ofizialean izena eman duten irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakundeentzako laguntza-lerro bat iragarri da. Jarduera horiek gizarte inklusioa, genero-berdintasuna, autonomia pertsonala, kultura-aniztasunaren kudeaketa edo asoziazionismoa eta boluntariotza sustatu behar dituzte. Elkarte bakoitzak gehienez 10.000 euro jaso ditzake diruz lagundutako programa edo jarduera garatzeko. Lerro honek 55.000 euroko aurrekontua du guztira, hau da, aurreko urtean baino 10.000 euro gehiago, eta erakunde horiek autonomia pertsonala, gizarte inklusioa eta zaintza sustatzeko egiten duten funtsezko lana babesteko udalaren konpromisoaren adierazgarri da. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 26an amaituko da.

Bestalde, 75 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan bainuontziak dutxekin ordezkatzeko eta instalazio elektrikoak berritzeko laguntzen deialdia argitaratu da. Laguntza horiek 7.500 euroko aurrekontua dute guztira, eta etxeko segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea dute helburu, adinekoen autonomia errazteko. Eskaerak aurkezteko epea 2025eko azaroaren 28ra arte egongo da zabalik.

Jesica Ruiz, Durangoko Gizarte Ongizateko zinegotziak, laguntza horien garrantzia azpimarratu du: “Gizarte ekintzarako diru-laguntzak funtsezkoak dira, elkarte onuradunek funtsezko lana egiten baitute gure udalerrian pertsona eta familia askoren zaintzan eta ongizatean. Aurten, gainera, laguntza horien kopurua nabarmen handitu dugu. 2020an 45.000 eurora jaitsi zenetik ez dira eguneratu, eta gero eta eskaera handiagoa dute. Era berean, adinekoen etxebizitzak egokitzeko laguntzek gure adinekoek beren etxeetan autonomia eta segurtasun handiagoz bizi ahal izatea erraztu nahi dute. Horrelako elkarteak zaintzea eta babestea lehentasuna da Durangoko Udalarentzat.”

Bi laguntzetarako eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Durangoko Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), Barrenkale 17an, edo telematikoki, udalaren egoitza elektronikoaren bidez, www.durango.eus helbidean.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top