Uholde-arriskua konpontzeko proiektua gobernu jeltzalearekin sinatu zela gogorarazi du
![](https://dot.eus/wp-content/uploads/2025/02/Abadino-eaj-dot-490x300.jpg)
ABADIÑO | Gero eta gutxiago falta da Uraren Euskal Agentziak (URA) Sarria eta Ibaizabal ibaietan uholde-arriskua prebenitzeko jarduketa-proiektuari ekiteko, aurreko gobernu-taldeak 2023ko martxoan sinatutako hitzarmenari esker. Jarduketa gertu dagoenez, orain oposizioan dagoen udal talde jeltzaleak, alkatearen aurpegi bikoitza salatu du, oposizioan zinegotzi zenean hitzarmenaren aurka bozkatu zuelako.
Jarrera aldaketa horren aurrean Abadiñoko EAJko zinegotziek alkatearen aurpegi bikoitza kritikatu dute, harri eta lur geratu baitira hark egin dituen adierazpenekin: “Orain paparra atera eta oso positiboki baloratu ditu URAk iragarri dituen ekintzak, erabat ahaztu omen dute EH Bilduk hitzarmen honen aurka bozkatu zuela”. Zentzu horretan adierazi dutenez “agerian geratu da EH Bilduren helburua ez dela Abadiñoko herritarren ongizatea lortzea”, izan ere, “orain jarduerak onak badira, lehen ere onak izango ziren. Arrazoi gabeko ezetzak baino ez ditu horiek mugiarazten”, esan dute EAJ-PNVko ordezkariek.
2023an sinatu zen hitzarmenean, datozen lau urteetarako lan-programa bat ezarri zen. Programa horretan, lehentasunezko zenbait jarduera jasotzen ziren (3 fasetan bereizita), 6,3 milioi eurotik gorako aurrekontua egiten dutenak URAk eta Abadiñoko Udalak (garai hartan EAJkoa zen udalburua) ordaindu beharrekoak. Bertan, URAk ondorengo konpromiso hauek hartu zituen: Abadiño parean Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko proiektua egitea, lehen fasean jasotzen ziren obrak kontratatzea, obra horiek zuzendu eta teknikoki ikuskatzea, eta obra horien benetako kostua finantzatu eta ordaintzea (1.745.297 euro).
2023an Udalaren eta URAren arteko hitzarmena sinatu zenean, EH Bilduko orduko zinegotzi Mikel Urrutiak argi eta garbi kritikatu zuen akordioa, URAk bere eskumenei muzin egiten ziela argudiatuz, hitzarmen hura uholde-arriskua murrizteko baino, HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) onartu ahal izateko planteatzen zela gaineratuz. Orduan ere esan zuten Uraren Euskal Agentziak HAPO “bahituta” zuela eta proiektua aske uzteko 2 milioi euro eskatzen zituela. Horiek izan ziren EH Bilduk “gure udalerriko zati handi bat uholdeetatik babesten duen” hitzarmen baten aurka bozkatzeko erabili zituen argudioak.
Horren aurrean EAJ-PNVk “defendatzen jarraitzen du” 2023ko martxoan Abadiñoko Udalak eta URAk sinatutako akordioa, Traña-Matienako uholde-arriskua murriztea helburu duena. Era berean, HAPO garatzeko aldez aurreko eta lehentasunezko urratsa da hau, funtsezko tresna baita “Abadiñoko hirigintza- eta lurralde-garapena orekatua, ordenatua, iraunkorra eta abadiñarrentzat onuragarria izan dadin”, azaldu dute EAJ-PNVkoek. Hori dela eta, “ekinean jarraituko dugu URArekin sinatutako hitzarmena osorik gauzatua izan dadin eta, Traña-Matienako lehen faseko lanak amaitu ondoren, izapideak arindu daitezen eta Trañapaduran eta Astolan uholde-arriskuak murrizteko 2. eta 3. faseak has daitezen”, aurreratu dute jeltzaleek.