DOT Durangaldea

Abadiñok udal kirol-instalakuntzak hobetzeko inbertsio berriak aurkeztu ditu

Udalak 300.000 eta 400.000 euro artean bideratuko ditu ohitura osasungarriak sustatzeko

Kirol-azpiegituretan aurreikusitako inbertsioen aurkezpena

ABADIÑO| Abadiñok gaur goizean aurkeztu ditu udal kirol-instalakuntzak hobetzeko inbertsio berriak. Inbertsio plan berri hau lehentasunezkoa da udal gobernuarentzat, herritarren eskaerei erantzun eta ohitura osasungarriak sustatzea baitu helburu. Guztira, 300.000 eta 400.000 euro arteko funtsa erabiliko da lan hauetarako, 2025eko likidaziotik geratutako diru-hondakinari esker.

Hobekuntza nagusietako bat Astolako kiroldegiko gimnasioan nabarituko da: indar-lana egiteko makina berriak jarriko dituzte eta korrika zein bizikletan egiteko ekipamendua alokatu egingo da, gero erosteko aukerarekin. Lizitazioa amaitu bezain lasar, udazkenerako prest egotea espero da. Horrez gain, Astolako futbol-zelaiak itxura berria hartuko du udan, urteetako higaduraren ostean belar artifiziala erabat berrituko baitute.

Hobekuntza gehiago

Frontoiek ere jasoko dute arreta. Alde batetik, Zelaietako frontoiko estalkia berritzeko proiektua idatziko da, plaka solarrak jartzeko aukera aztertuz, eta bitartean, egungo filtrazioak konpontzeko neurriak hartuko dira. Bestetik, aditu talde batek Traña-Matienako frontoiaren egitura aztertuko du, eta materiala gordetzeko gune berri bat egokituko da bertan.

Jarduketa hauek iazko bideari jarraitzen diote, orduan berritu baitzen Astolako igerilekuko arazketa-sistema (358.000 euroko kostuarekin) eta kalistenia-parkea jarri. Udaletik argi utzi dute kirolaren aldeko apustu irmoa egiten dutela, “osasuna zaintzeko eta komunitatea indartzeko” funtsezko tresna delako. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiari laguntzak eskatzen jarraituko dute aurreikusitako lanak osatzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top