2025eko aurrekontu parte hartzaileetan lehenetsi zen proiektua da

ABADIÑO| Lau minigarbigune jarri dira Abadiñon herritarrek 2025eko aurrekontu parte hartzaileetan, pilak eta ohiko zaborrontzietan bota ezin daitezkeen material txikiak jasotzeko edukiontzi gehiago jartzeko eskaerari erantzunez. Denera, 15.730 euroko inbertsioa egin du Udalak.
Zehazki, udalerriko lau puntu estrategiko hauetan jarri dituzte minigarbigune horiek: Traña plazan, Trañabarren kalan, Ferialeku plazan eta Kamiñopea kalean. Horietako bakoitzean, CDak eta DVDak, tresna elektriko eta elektroniko txikiak, pilak, LED bonbillak edo kontsumo txikikoak, inprimagailuko kartutxoak eta bateria eta metagailu txikiak bota ahal izango dira.
Instalazio berri horien bitartez, birziklatze erosoagoa eta eraginkorragoa bultzatu nahi du Abadiñoko Udalak: “Garbigune espezifiko batera joan beharrean, udalerriko lau puntu estrategikotan kokatu ditugu minigarbiguneak. Era horretara, erosotasuna hobetzen da, herritarrak erraz hurbildu daitezkeelako, eta modu arduratsuan birziklatzera bultzatzen da, herritarrak kontzientziatuz”.
Abadiñoko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu zerbitzu berri hau erabiltzera, ingurumena babesten eta gure ingurunea zaintzen laguntzeko.


