DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiñok bere lehen kalistenia parkea zabaldu du Astolan

Indarra eta erresistentzia lantzeko barrak, paralelak eta beste hainbat tresna ditu

Kalistenia parkearen irudia

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak kalistenia parke bat zabaldu du Astolan, aire zabalean ariketa fisikoa egiteko diseinatutako gunea. Kaleko gimnasio gisa funtzionatzen dute halako espazioek, eta, norbere gorputzaren pisua erabiliz, indarra, erresistentzia eta mugikortasuna lantzeko aukera ematen dute.
Denera, 100 metro koadro ditu parke berriak, eta ariketa desberdinak egiteko 11 gunetan banatuta dago. Entrenamendu eta maila askotarikoetara egokitzeko, barraz, paralelaz eta bestelako tresnez hornituta dago.

Rafa Bilbao Kirol zinegotziak nabarmendu duenez, “parke berriak jarduera fisikoa egiteko alternatibak eskaintzen ditu. Adin eta egoera fisiko guztietarako egokiak dira halako espazioak, eta bizimodu aktiboa eta osasuntsua sustatzen laguntzen dute”.

Aurrerago, monitore bat jartzea da asmoa, parkeko erabiltzaileei orientazioa eta aholkuak emateko, eta instalazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Denera, 16.222,47 euroko aurrekontua izan dute lanek, gunea egokitzeko eta ekipamendua instalatzeko erabili direnak. Kalistenia parkeaz gainera, aire librean kirola sustatzeko helburuarekin jarraituz, bi ping-pong mahai jarri dira Zelaietan eta Muntsaratzen.

Aspaldiko eskaera

Herritarrek, azken urteotan, behin eta berriz aurkeztu dute kalistenia parkea egitearen proposamena parte hartze prozesuetan. Prozesu horien bidez, abadiñarrek aukera izaten dute udalerria hobetzeko proposamenak aurkezteko.

Aurreko edizioetan hautatua izan ez bada ere, espazio berri hau martxan jartzeko erabakia hartu du Udalak. Era horretara, herritarren kezkak eta iradokizunak entzuteko eta aintzat hartzeko borondatea erakutsi du Udalak, gobernu taldeak adierazi duenez: “Kalistenia-parkea herritarren ideiek gure udalerria nola hobetu dezaketen erakusteko adibide ona da. Udaletik lanean jarraituko dugu herritarren proposamenak entzuten, babesten eta Abadiñorako onuragarriak diren ekarpenak errealitate bihurtzen”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top