Abuztua eta iraila bitartean, hiru egokitzapen egingo dira hiru eremutan
ABADIÑO | Abuztua eta iraila bitartean, Abadiñoko Udalak hiru proiektu burutuko ditu. Aste honetan amaitu dira hegoaldeko Iturritxo kalea aldatzeko lanak. Kalearen zati hori ibilgailuentzako noranzko bikoitzeko bide bihurtuko da. Lan horiek barneko trafikoa ahalbidetuko dute. Gainera, trinketeko aparkalekua aldatzeko fase bat hasi da. Udalak aparkalekuak eta sarbideak berrantolatzeko prozesua gauzatuko du, oinezkoen eta ibilgailuen seinaleak eta pasabideak argi markatuta. Eremu horretan oinezkoen eta ibilgailuen mugikortasunean segurtasuna areagotzeko beharrari erantzuten dio berrantolaketak.
Irailaren hasierarako, Udalak beste proiektu bat egiteko asmoa du: Ferialeku plazatik trinketeko aparkalekura doan bidearen norabide bikoitza. Horren ondorioz, Ferialeku plazarekin lotzen den Solozabal kaleko tartea itxita geratuko da ibilgailuentzat.
Herri galdeketara aurkeztutako beste bi proiektuei dagokienez, alde batetik, Zeletabe, segurtasun neurriak martxan jarri ondoren, udazkenean zehar irekitzea aurreikusten da. Bestalde, trafikoa barnealdetik errepide orokorrera desbideratuko duen biribilgunea beste fase batean egitea aurreikusten da.
Herri-kontsulta
Proiektu horiek maiatzeko herri-galdeketaren emaitzei erantzuten diete. Galdeketan Zelaietako mugikortasuna hobetzeko bost proposamen aurkeztu ziren, eta bostek herritarren babesa jaso zuten. Kontsultak amaiera eman zion iazko udazkenean Zelaietako mugikortasuna hobetzeko abiatu zen parte-hartze prozesuari.