Datorren ostegunean, 10:01 orduetan, udaberriko urtaroa estreinatuko dugu

EGURALDIA | Joan den asteburuan neguak tenperatura izoztuak utzi ditu, elur apur bat mendietan, baina ordu batzuk bakarrik gelditzen zaizkio, urtaro hau 20 edo 21 graduko maximoekin agurtuko baita. Aurreikuspenen arabera, azken egunetan gurekin egon den aire masa hotza erretiratu egingo da, eta depresio berriak hegoaldeko haize zakarra ekarriko du, merkurioak gora egin dezan eta giroa oso epelarekin.
Astelehena, eguzkitsua

Astelehen goizaldea oso hotza izango da eta barnealdeko hainbat txokotan izotza egingo du. Giroa eguzkitsua izango da, goizean goiz lainogune batzuekin barnealdean. Arratsaldean hegoaldeko eskualdeetan lainotzera egingo du eta euri txikia egin dezake. Kostaldetik gertu giroa argiagoa izango da eta hego-ekialdeko haizea indartuz joango denez, bertan tenperatura maximoak dezente igoko dira.
Asteartea, hego-ekialdeko haizea
Asteartean hego-ekialdeko haizea indartu egingo da, tenperaturak gora egingo du, baina hodeiak ere ugaritu egingo dira. Hegoaldeko eskualdeetan zerua nahiko lainotuta agertuko da, eta arratsaldean euri pixka bat egin dezake bertan. Kantauri isurialdean, aldiz, hodeitza saretuago egongo da eta egunaren amaieran soilik trinkotuko da; euria egiteko probabilitatea txikia izango da. Eguneko tenperatura maximoak igo egingo dira eta kostaldean 15 ºC-ak gaindi daitezke. Minimoek ere nabarmen egingo dute gora eta izotza egiteko arriskua albo batera utziko dugu.