DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durango Sariak 2025erako hautagaitzak aurkezteko deialdia martxan da

Berdintasuna, kultura, euskara, kirola eta gizarte arloan egindako lana aitortzeko hautagaitzak martxoaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira

Azken edizioko familia argazkia.

DURANGO | Udalak zabalik du Durango Sariak 2025erako hautagaitzak aurkezteko epea. Ohorezko lehiaketa da, maiatzaren 8an ospatuko dena, eta hainbat eremutan aurrerapen soziala lortzen lagundu duten pertsonen eta erakundeen ibilbidea eta konpromisoa aitortzen ditu.

Aitorpen hauek gizartearen mesedetan lan egin dutenen ahaleginari eta inplikazioari balioa ematea dute helburu eta ez dute sari ekonomikorik. Bost kategoria nagusiez gain (Kirola, Kultura, Gizartea, Euskara eta Berdintasuna), epaimahaiak sari berezi bat eta ohorezko aipamenak eman ahal izango dizkie hautagaitza nabarmenei. Gainera, sari berezia, herri bozketaren bidez emango da.

Hautagaitzak aurkezteko epea hilaren 24ra arte dago zabalik. Proposamenak modu formalean erregistratu behar dira Durangoko Udalean, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez edo hemen.

Ezinbestekoa da hautagaitzak proposatutako pertsonaren edo erakundearen merezimenduak justifikatzea. Informazio hori ez duten eskaerak ez dira onartuko.

Epaimahaia

Durango Sariak 2025eko epaimahaiaren buru Jésica Ruiz izango da, Durangoko Udaleko herritarren arloko presidentea, eta Juan Antonio Bueno, Nagore Lozano, Ane Abanzabalegi, Carlos Garcia, Jorge Varela, Arantxa Barrenetxea, Paule Sanchez eta Iker Txertudi zinegotziek parte hartuko dute. Idazkaria Ander Álvarez izango da, herritarren arloko teknikaria.

Kategoria bakoitzean dagokion arloko teknikari batek hartuko du parte, eta hitza eta botoa izango ditu eztabaidan.

Epaimahaiaren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, eta, berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoa izango da erabakigarria. Azken ebazpena apelaezina izango da, eta udalaren webgunearen eta udaletxeko iragarki-oholaren bidez jakinaraziko da.

Epaimahaiak hainbat irizpideren arabera baloratuko ditu hautagaitzak, hala nola ibilbidea, Durangoko bizitza kultural eta sozialean duen inplikazioa eta udalerritik kanpoko proiekzioa. Gainera, aitorpena merezi duten pertsonak edo erakundeak kanpoan ez uzteko, epaimahaiak aukera izango du ezarritako irizpideak betetzen dituzten hautagaitza gehigarriak gehitzeko eta sariaren izaeraren arabera onartutako hautagaitza kopurua mugatzeko.

Herritarrek ere parte hartzeko aukera izango dute sari bereziaren aukeraketan, partehartu.durango.eus webgunearen bidez botoa emanez, apirilaren 1etik 10era bitartean.

Sari banaketa

Sari-banaketako ekitaldia maiatzaren 8an egingo da, San Agustin Kultur Gunean, eta bertan jakinaraziko da saritutako pertsona eta erakundeen aintzatespena.

Durangoko Udalak bere webgune ofizialean eta udaletxeko iragarki-oholean argitaratuko du irabazleen zerrenda.

Udalak deialdi honetan aktiboki parte hartzera animatzen ditu herritarrak, izena emateko epea amaitu arte hautagaitzak proposatuz eta sari bereziaren hautaketan bozkatuz, gizartean berdintasun, kultura, kirol eta konpromiso sozialaren balioak bultzatzen jarraitzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top