DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Ermuak 250.000 euro bideratuko ditu aurrekontu parte-hartzaileetarako

Udalak parte-hartze prozesua zabala irekiko du, 2026ko aurrekontuaren %1 lau adin taldeek erabakitakoaren arabera banatzeko

Beatriz Gámiz.

ERMUA | Datozen egunetan Ermuko Udalak parte-hartze prozesu berria irekiko du, herritarrek 2026ko udal aurrekontuko 250.000 euroen erabilera erabaki dezaten. Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua herritar guztiei irekita egongo da, eta horregatik diru-kopurua lau adin taldeen arabera banatuko da.

“Udal gisa, baliabide publikoak zorroztasunez eta gardentasunez kudeatzeko ardura dugu, baina funtsezko printzipio batekin: herritarrei entzutea eta ahotsa ematea. Izan ere, udalerri bat ez da erakundeetatik bakarrik eraikitzen, baizik eta bertan bizi direnen eta bertako sentitzen direnen parte-hartze aktiboarekin”, adierazi du Beatriz Gámiz alkateak.

Prentsaurrekoan, ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu eta besteak beste, “ekimenaren helburua udalerriaren hobekuntzan adin guztietako herritarrak inplikatzea da, demokrazia parte-hartzailea baliatuz”. Eta, biztanleriaren sektore guztien parte-hartzea bermatzeko, bideratuko diren 250.000 euroak adinaren arabera banatuko dira.

Alde batetik, haurtzaroa (6-13 urte). Ikastetxeetara eta Haurren Kontseilura egokitutako prozesu baten bidez erabakiko dute 30.000 euroren erabilera, haurrek beren proposamenak aurkeztu eta bozkatuz gero. Bestetik, gazteek (14-29 urte) 50.000 euroren erabilera erabakiko dute herriko eraldaketan gazteen inplikazioa sustatzeko helburuarekin. Hirugarren multzoan 30 eta 64 urte bitarteko herritarrek 85.000 euro izango dituzte proposamenak aurkezteko. Eta azkenik, 65 urtetik gorakoak 85.000 euro zertan erabiliko diren erabakiko dute.

Egutegia

Herritarrek martxoaren 1etik 30era aurkeztuko dituzte proposamenak.

2026ko partaidetza-aurrekontuen prozesua martxotik ekainera bitartean garatuko da, eta ondorengo fase hauek izango ditu:

  • Martxoaren 1etik 31ra bitartean, edonork aurkeztu ahal izango ditu bere proposamenak ezarritako adin-blokeen barruan.
  • Apirilean, jasotako proposamen guztien bideragarritasun ekonomikoa, juridikoa eta teknikoa aztertuko du Udalak.
  • Maiatzean, herritarrek proposamen finalistak bozkatuko dituzte.
  • Ekainean, emaitzak iragarriko dira, eta proposamen bozkatuenak 2026ko Udal Aurrekontuetan sartuko dira, ekitaldi horretan gauzatzeko.

Beatriz Gamiz Ermuko alkateak nabarmendu duenez proposatutako prozesuak “herritarren parte-hartzearekin eta gardentasunarekin benetako konpromisoa” erakusten du, eta inplikatzeko deia egin die ermuarrei: “Ermua ez da udaletatik bakarrik eraikitzen, lan hori bertan bizi garen pertsona bakoitzarena ere baita. Herritar guztiek ahotsa izatea nahi dugu, eta haien proposamenak udalerriaren benetako hobekuntza bihurtzea. Gobernatzea ez da soilik baliabideak kudeatzea, elkar entzutea eta herrigintzan bat egitea ere bada”.

Ekimen honekin, Ermuko Udalak gobernantza eredu irekiago eta zabalgo baten aldeko apustua indartzen du, herritarrek herriaren etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko orduan paper erabakigarria izan dezaten, kontsultarako eragile huts izan gabe.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top