Hileko bigarren ostegunean, gaixoei laguntzeko eta informazioa emateko

ERMUA | Minbiziaren Aurkako Ermuko Elkarteak urteak daramatza gaixotasun horri buruz kontzientziatzen eta prebentzioa sustatzen, eta orain ekimen berri bat abian jartzea erabaki du. Hileroko bigarren ostegunean irekiko du bere egoitza Merkatu Plazan, 17:00etatik 19:00etara, gaixoei eta senideei laguntza eta informazioa emateko. “Gaixotasunari, dauden baliabideei edo udalerrian egiten ditugun jarduerei buruzko laguntza edo informazioa behar duten pertsonengandik gertuago egon behar dugu”, adierazi zuen ángela Rabadán herriko elkarteko presidenteak ekimen berriaren aurkezpen ekitaldian.
Berarekin egon ziren Mila Gullón Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko presidentea, Beatriz Gámiz Ermuko alkatea eta dozena bat bolondres eta agerraldian egitasmo berriaren nondik norakoak azaldu zituzten. “Minbizia da mundu mailako arazo soziosanitario nagusia”, adierazi zuen Mila Gullonek. Izan ere, kalkulatzen da 2 gizonetik 1ek eta 3 emakumetik 1ek minbizi-motaren bat garatuko dutela bizitzan zehar.

Egoera horren aurrean, Minbiziaren Aurkako Elkartearen helburua da minbiziak eragindako inpaktua murriztea, pertsonen bizitza hobetzea eta gaixotasun horren aurrean ekitatea sustatzea. “Eskaintzen ditugun zerbitzu guztiak doakoak dira eta profesionalek ematen dituzte, hala nola: arreta psikologikoa, gizarte-arreta, lan-aholkularitza juridikoa, osasun-orientazioa, boluntariotzatik laguntzea, ariketa fisikoa, nutrizioa, logopedia eta fisioterapia”, azaldu zuten.
Ermuko alkateak elkartearen ahalegina eta dedikazioa eskertu zuen, eta azpimarratu zuen “bere lana funtsezkoa dela, ez bakarrik gaixoei laguntzen, baita sentsibilizazioan eta prebentzioan ere, hori funtsezkoa baita komunitate osoaren osasunerako. Udaletik gure babes osoa adierazi nahi dugu eta egiten duten lan nekaezina aintzat hartu eta txalotu”.