DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Iurretako Antzerkia Bultzatuz egitasmoak 7 ikuskizun eskainiko ditu

Hilaren 16an hasiko da eta ikuskizunek 3 eta 1 euroko prezio sinbolikoa izango dute

Antzerkia bultzatuz otsailetik ekainera luzatuko da.

IURRETA | Beste behin ere, Iurretako Udalak, Anderebide elkartegaz batera, Antzekia Bultzatuz ekimena martxan jarriko du, otsailetik ekainera Ibarretxe Kultur Etxean eskainiko diren zazpi ikuskizunekin. “Jakingo duzuenez, lurretako Udalak betidanik izan du antzerkiarekiko konpromiso berezi bat. Kaleko Antzerkiaren inguruan lan asko egin dugu eta zorionez “Kalez kale” jaialdia sendotzea eta ezagutzaraztea lortu dugu”, adierazi du Oskar Koka Iurretako alkateak Antzerkia Bultzatuz egitarauaren berri emateko agerraldian.

Prentsaurrekoan Zorione Fundazuri zinegotzia eta Herritartasun lehendakaria, Anderebide Elkarteko kideak (Charo Fradejas eta Maria Jose Gonzalez) eta Pilar Jimenez Kulturako arduraduna ere egon dira eta programazio berriaren nondik norakoak ezagutzera eman dituzte. “Aurtengo egitarau honekin 10. urteurrena ospatzen dugu Kalez kale egitasmoarekin eta nahi duguna da bat egin aretoko antzerkiarekin eta gero bukaeran Kalez Kalekoarekin. Anderebide elkartegaz batera finkatu dugun programa honetan gustu guztietako zaleei erantzuna emateko moduko aukera daukagu, aniztasuna da nagusi; txotxongiloak, antzerki klasikoa, barre egitekoak, serioagoak… denetarik daukagu eta aurreko urteetako arrakasta izatea espero dugu”, azpimarratu du Zorione Fundazurik.

Zentzu horretan, egitarau honen helburuatako bat, aretoko programazioa finkatzea da. Hori dela eta, hilean behin antzezlan bat umeentzako eta beste bat helduentzako eskeiniko da. “Programazioa finkatzeaz gain, herritar guztiei antzerki eskeintza hurbiltzea nahi dugu, antzerkia bultzatzeko eta batez ere euskarazko produzioak”, gehitu du zinegotziak.

Sarrera sinbolikoa

Sarrerak Ibarretxe kultur etxean egongo dira salgai prezio sinboliko batekin. Helduak 3 euro eta 18 urtetik beherakoak 1€. “Batzuetan jendeak gonbidapena hartzen zuen eta gero, edozein arrazoirengatik, ez ziren etortzen. Orduan, hori ekiditeko, prezio sinbolikoak jarri ditugu”, azaldu du Pilar Jimenez Kultura arduradunak.

Egitaraua

  • Otsailak 14, 17:00: Izeiaren kabi morea – Alara (umeentzako euskaraz)
  • Otsailak 21, 19:00: Vida – La Red (nagusientzako erderaz)
  • Martxoak 14, 19:00: 75 puñaladas – Txintxaun Antzerki Kolektiboa (nagusientzako erderaz)
  • Apirilak 4, 18:00: Amama irrifarren ondarea – Eidabe (umeentzako euskaraz)
  • Maiatzak 16, 19:00: Obsoletus – Anodino Teatroa (nagusientzako euskaraz)
  • Maiatzak 30, 18:00: Nire maletatxoan – Elvi (umeentzako euskaraz)
  • Ekainak 6, 19:00: El salto de Laucade – Skene Teatro (nagusientzat erderaz)

Ondoren, “Kalez kale” egitaraua hasiko da.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top