DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiñok Euskal Herriko ardi-ile moztaileen txapelketa hartuko du

Irailaren 27an ospatuko da, Abadiñoko probalekuan eta erakustaldiak eta bestelako ekintzak jasoko ditu programak

Irailaren 27an ospatuko da Euskal Herriko ardi-ile moztaileen txapelketaren lehen edizioa Abadiñon

ABADIÑO | San Blas Azoka baliatuz, Euskal Herriko ardi-ile moztaileen Txapelketaren lehen edizioren nondik norakoak ezagutzera eman dira. Hitzordua, datorren irailaren 27an ospatuko da, Abadiñoko probalekuan eta Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) antolatutako txapelketak egun osoko egitarau oparoa izango du. Besteak beste, lehiak, erakustaldiak eta bestelako ekintzak jasoko ditu programak, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara.

Ardi-ile moztea munduko industriarik zaharrenetakoa da. Duela 5.500 urte inguruan kokatzen da bere sorburua, gizartea artilea harilkatzen hasi zen garaian. Harri arotik artilea izan da eguraldi txarraren aurka babesteko egin diren jantzien materialik eraginkorrena. Hala nola, arropak egiteko eta egunerokotasuneko beste erabiletarako baliatzen zuten artilea.

Eta ogibide zaharretik bere alde lehiakorra sortu da, kirol-diziplina moduan eta Abadiñora heldu da. Orotara, bost lehiaketa egingo dira: Euskal Herriko Txapelketa, Artazizko finala, Senior, Open eta Nazioarteko finala. Euskal Herriko zein nazioarteko ardi moztaileak lehian ikusteko aukera izango da; besteen artean, Espainiakoak, Frantziakoak eta Eskoziakoak. 50 moztaile inguruk 700 ardi moztea aurreikusten da.

Euskal Herriko Txapelketa

Historian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapeldun bat izango da 2025ean. Munduko kontseiluak jartzen dituen nazioarteko arauen araberako txapelketa izango da eta nazioarteko 8-10 epailek ebaluatuko dute moztaileen lana.

Are gehiago, Euskal Herriko Txapelketan 2026ko martxoaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatuko den Golden Shears World Championship munduko txapelketan parte hartuko duen selekzioa hautatzeko proba baliagarria izango da.

Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatuko duten taldea bederatzi lagunek osatuko dute: makinaz arituko diren bi moztailek, guraizez arituko diren bi moztailek, artile kudeatzaile bik, talde burua, epailea eta entrenatzailea.

Hiru dira Euskal Herriko txapelketan ardi moztaileak lehiatuko diren modalitateak: makina, guraizea eta artile kudeaketa. Makina bidezkoan, ardiaren ilea elektrizitate bidezko makinarekin kenduko dute; guraize modalitatean, ardien ilea eskuzko artaziekin moztuko dute; eta, aldiz, artile kudeaketan, moztutako artilea bereizteko prozesuan arituko dira lanean, erabilera komertzialerako prest egon dadin.

Halaber, 2025ean eta 2026an ondorengo data eta lekuetan lehiatuko dira euskal moztaileak:

2025

  • Apirilak 5: Le Merle (Frantzia). Makina eta guraizea
  • Uztailak 2-13: Boussac (Frantzia). Makina eta artile kudeaketa.
  • Uztailak 19: Martel (Frantzia). Makina eta guraizea.
  • Uztailak 25-26: Corwen Shears (Gales). Makina, guraizea eta artile kudeaketa.
  • Abuztuak 16: Speed Shear (Zugarramurdi-Euskal Herria). Makina.
  • Abuztuak 31: Artzai Eguna (Uharte Arakil-Euskal Herria). Makina.
  • Irailak 27: Euskal Herriko Txapelketa (Abadiño-Euskal Herria). Makina, guraizea eta artile kudeaketa.

2026

  • Martxoak 4-7: Golden Shears World Championship (Masterton-Zeelanda Berria). Makina, guraizea eta artile kudeaketa.

Goizean, Abadiñoko probalekuaren ondoan egindako aurkezpenean, besteen artean, bertan izan dira: Joseba Attard, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko (EAME) presidentea, Angel Gurrutxaga EKFB-Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidentea, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Arantza Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua, Andoni Agirrebeitia Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria, GipuzkoakoXabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua, Rafa Bilbao Abadiñoko Udaleko zinegotzia, eta Juan Mari Tortorika Urkiola Landa Garapeneko kudeatzailea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top