Plan funtzional berri honen helburua dela denborak eta erantzunaren kalitatea hobetzea
IURRETA | “Ahal den guztietan erantzun-denborak eta osasun-larrialdi guztietan erantzunaren kalitatea hobetzea”. Hori da Alberto Martínez Osasuneko sailburuak astelehen honetan iragarritako Emergentziak zerbitzuaren berregituraketaren helburua, hurrengo hiru hilabeteetan garatuko den Plan funtzional berri baten bidez gauzatuko da.
Alberto Martinez Osasuneko sailburuak ezagutzera eman du Euskadi osoko larrialdien koordinazioaz eta osasun-asistentziaz arduratzen den Emergentziak ESIaren etorkizuneko berregituraketa zer jarduketa-ildotan oinarrituko den.
Sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, Pablo Busca Emergentzietako koordinatzaile berriarekin, Susana López Altuna Osakidetzako zuzendari nagusiarekin eta Lore Bilbao Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordearekin batera. Osasun Batzordean egindako agerraldi horretan, zerbitzuaren diagnostikoari eta baliabide teknikoen eta giza baliabideen deskribapenari buruzko azterketa sakona egin du, eta etorkizuneko Larrialdi Plan berriaren oinarri izango diren jarduketarik nabarmenenak aurreratu ditu.
Alberto Martínezen arabera, etorkizuneko ikuspegia eta jarduketak helburu bakar batera bideratu beharko dira: asistentzien kalitatea hobetzea eta asistentzia-denborak murriztea, herritarren osasuna babesteko garaian segurtasun handiagoa izan dadin.
Ildo horretan, legealdi honetarako hainbat ekintza-neurri proposatu ditu. Horietako batzuk dagoeneko abian daude, eta beste batzuek konplexutasun eta sakonera handiagoko prozesua eskatuko dute.
- Emergentzietako koordinatzailearen irudi berria sortzea
Azaroaren 1etik, Osakidetzak Pablo Busca profesionala du Emergentzietako koordinatzaile.
- Antolaketa-egitura aldatzea. Gobernantza berria
Era berean, kudeaketa- eta asistentzia-funtzioak konbinatuko dituen egitura horizontalagoa lortu nahi da.
- Koordinazio-zentro birtual bakarra
Koordinazio-zentro bakar baterantz eboluzionatuko da. Hiru lurraldeetarako kudeaketa-eredu komun bat izango da, Euskal Autonomia Erkidegoa lurralde-unitate bakar gisa hartuko duena. Helburua izango da herritarrari zerbitzu komun batetik modu eraginkorragoan arreta ematea, edozein lurraldetan egonik ere.
- Bizi-euskarri aurreratuaren (BEA) eta esku-hartze azkarreko ibilgailuen (EAI) kokapena eta kudeaketa
Osasun-garraioko unitateen kokapena optimizatzeko diseinurik onena egiaztatu eta aztertuko da, bai bizi-euskarri aurreratuko baliabideen kokapena, bai esku-hartze azkarreko ibilgailuen kokapena.
Ildo horretan, Osakidetzak gaur egun Tolosan, Elgoibarren eta Donostian dituen baliabideak Emergentzietako Bizi Euskarri Aurreratuko unitatean sartuko ditu.
- Helikoptero sanitarioa Iurretan koka dadin aztertzea
Larrialdietako Zerbitzuak duen helikoptero medikalizatuaren kokapena optimizatzeko diseinurik onena egiaztatu eta aztertuko da, eta lehenik Iurretako heliportuan koka dadin aztertzea lehenetsiko da. Gaur egun, helikoptero zerbitzu horrek mediku bat, erizain bat, pilotu bat eta mekanikari bat ditu atxikita.
- Oinarrizko Bizi Euskarriko Zerbitzuko txandak eskariari egokitzea
Zerbitzuaren eskariari eta ahalmenei buruzko informazioa aztertzea, Oinarrizko Bizi Euskarriko Zerbitzuaren txandak esperientziara eta eskariaren datuetara egokitu daitezen.
- Larrialdi Sanitarioetako Teknikariak (LST)
Larrialdietako teknikariaren profil berria baloratzeko proposamena, larrialdietako ibilgailuaren gidariaren profila kenduta. Mahai Sektorialean aztertu beharreko gaia.
- Lan-egoitzen logistika eta egokitzapena
Logistikaren arloan hobetu daitezkeen eremuak detektatzea. Azpiegiturak eta biltegi-sistema hobetzea, eta talde logistikoa Biktima Anitzen Intzidentzietako prozeduretan integratzea.
Emergentzietako profesionalen lan-espazioak berrikustea eta egokitzea, leku erosoagoak izan ditzaten, dagozkien atsedenlekuekin eta abar.
- BAME Larrialdiak eta Emergentziak 2027
Larrialdietako profesional berrien premia gero eta handiagoa denez gero, Euskadik larrialdietako mediko espezialisten BAME deialdia arintzeko eskatu dio Ministerioari.
- Floten kontrola
Flotak kontrolatzeko teknologiarik aurreratuenak eta eraginkorrenak barne hartzeko prozesuan aurrera egitea. Baliabide guztiek TETRA emisoreak eta terminalak dituzte, geolokalizatzeko aukerarekin. Horri esker, eta GPS integratuei esker, erantzuna emango duen baliabidea esleitu ondoren, QTHaren indikazioak eta koordenatuak zuzenean bidaliko zaizkio terminalari, denborak arindu daitezen.
- Kalitatea eskaintzeko eta segurtasuna bermatzeko protokolo zorrotzak
Osakidetzan zorroztasun osoz mantentzea zeharkako protokolo asistentzialen berrikuspena, eguneratzea eta hedapena, herritarrei egiten zaien zerbitzuaren kalitatea eta asistentziaren segurtasuna berma daitezen.
- Pazienteen iritzia eta humanizazioari arreta handiagoa ematea
Pazienteen zaurgarritasun-uneetako asistentzia- eta garraio-baldintzak ezartzea, zerbitzuaren humanizazioa areago dadin.
- Etengabeko prestakuntza
Prestakuntza-ibilbide indibidualizatuak garatuko ditugu, bai zerbitzuan sartzeko, bai birziklatzeko, betiere profesional bakoitzaren beharretara eta trebetasunetara egokituak, kontziliazioa aintzat hartuko duen giza baliabideen kudeaketa-politikari esker.
- Langileak
Langileak lan-kargen arabera orekatzea/dimentsionatzea, eta osasun-langileen profila optimizatzea, kudeaketari lotutako lan-karga murriztuz.
Garapen profesionala, langileentzako prestakuntza-aukera berriekin eta ikerketarekin lotutako zereginak egiteko aukerekin.
- Kontratu mistoak Larrialdiak eta Emergentziak
Larrialdietako jarduera eta emergentzietako lurralde-unitatearen berezko jarduera (egoitzan) konbinatzen dituzten kontratu mistoen aukera aztertzea eta baloratzea.
- Lankidetza eta komunikazioa: Etengabeko Arretako Guneak, Anbulatorioak eta Erakunde Sanitario Integratuak
- Barne- eta kanpo-komunikazioa
Emergentziak ESIaren barruko komunikazio-sistemak berrikustea eta hobetzea, baita gainerako unitate sanitarioekin eta ez-sanitarioekin duen komunikazio-sistemak ere. Koordinazio Zentroaren eta Larrialdietako Garraio Sanitarioko Sarearen arteko komunikazioa hobetzea.
Larrialdietako lanaren dibulgazioari arreta ematea, eta, horretarako, komunikazioa lehen eta bigarren mailako prebentziora, irakaskuntzara eta prebentzio-kanpainekiko elkarlanera zuzentzea.
- Kide izatearen kultura sustatzea eta kanpoko prestakuntza motibatzea
- Aginte-taula
Etorkizuneko plan funtzionala monitorizatzea, asistentzia-zerbitzuaren kalitatean eta segurtasunean oinarritutako adierazleak dituen aginte-taularen arabera.