Abadiñarrek 32 proiekturen artean sei proiektu zerrendatu beharko dituzte
ABADIÑO | Abenduaren 27ra bitarte, herritarrek online edo ohiko udal bulegoetan bozkatu ahalko dute Bozketa fasean sartu da aurrekontu parte-hartzaileen prozesua. Herritarrek aurkeztutako proposamenen bilketa eta bakoitzaren azterketa teknikoa egin ondoren, abadiñarrek 32 proiekturen artean sei proiektu zerrendatu beharko dituzte. Abenduaren 27ko 11:00ak arte izango dute bozkatzeko aukera.
Aurtengo prozesuan banaketa egin du udalak, proiektuen aurrekontuen araberakoa. Alde batetik, 15.000 euro arteko aurrekontuak dituzten proiektuen zerrenda bat dago, hamahiru proposamenek osatua; eta, bestetik, 100.000 euro arteko aurrekontuak dituzten hemeretzi proiektuen beste zerrenda bat.
Abadiñarrek zerrenda bakoitzeko hiru proiektu zerrendatu beharko dituzte, sailkapenaren araberako hurrenkerarekin (1 zenbakia esleituko diote gehien gustatzen zaien proiektuari, 2a bigarrenari eta 3a hirugarrenari). Guztira sei boto emango dituzte, eta herritarrek bozkatzen dituzten proposamen guztien artean, 15.000 eurora arteko proiektuei 30.000 euro bideratuko dizkie udalak, eta 100.000
bideratuko zaizkio beste zerrendako proposamenei. Aldaketa honen helburua da aurrekontu txikiagoa duten egitasmoei txikiei ere bide ematea.
1.- Etxeazpia eta Olalde arteko Muntsaratz urbanizazioko zabuen aldea hobetu eta aterpe batez estaltzea.
2.- Probalekua estalitako aisialdirako espazio bezala erabiltzeko egokitzea.
3.- Traña-Matienan pertsona nagusiak egoteko gune bat atontzea, jubilatuen tabernaz aparte.
4.- Traña-Matienako eskoletako jolastokia birmoldatzeko disenua egin eta hobekuntzak egitea.
5.- Traña-Matienan aterpe berri bat jartzea.
6.- Aterpe bat eraikitzea Zelaieta auzoan.
7.- Txanporta Kultur etxeko areto nagusia berriztea.
8.- Trañapaduratik Errotara arteko gunea, Zaldua errekaren parean, atontzea.
9.- Autokarabanentzako gune bat sortzea.
10.- Skate park bat egitea.
11.- Traña-Matienako Pino plazan beste komun publiko bat jartzea.
12.- Muntsaratzeko merenderoan ur-zorrotadak instalatzea.
13.- Traña-Matienako Pino plazako zelaian, Muntsaratzekoa bezalako kantxa bat jartzea.
14.- Laubideta kaleko baldosak berriztea.
15.- Atxarteko harrobiaren gunea berreskuratzeko proiektu baten diseinua egitea.
16.- Katu kolonien guneetako azpiegiturak hobetzea.
17 -. Abadiñoko puntu desberdinetako argiteria hobetzea.
18 .-Herriko gune ez irisgarriak, irisgarri bilakatzeko lanak egitea.
19- Lebario industrialdearen berurbanizazioko proiektu bat idatzi eta egiteratzea.
20.- Pilak, olioa eta ohiko zaborrontzietan bota ezin daitezkeen material txikiak jasotzeko edukiontzi gehiago jartzea.
21.- Banku gehiago jartzea herriko gune desberdinetan.
22.- Erosketa bonuen kanpainara diru gehiago bideratu.
23.- Picklelball-era jolasteko zelaia margotzea Traña-Matienako eskoletako aterpean.
24.- Itzultzerik gabeko laguntza, 1.000 eurokoa hektarea bakoitzeko, hostozabalak landatzeagatik.
25.- Durangaldean historian zehar euskaraz idatzi diren testu literario eta irudien bilketa liburu bezala publikatzea.
26.- Orientazio iraunkorreko zirkuitua.
27.- “Urkiolako erromeria” berreskuratzeko ekimena, hileko azken igandeetan.
28 .-Zelaietan txakurrentzako gune berri bat sortzea.
29.- Zelaietako Zeletabe plaza (“amnistia plaza”) moldatu jolasgune bilakatzeko.
30.- Traña-Matienako Pino plazako kolunpioak aldatzea, ume txikien eta egurrezko materialen perspektiba txertatuz.
31.- Bidegorri sarea Atxondora arte iristeko proiektua diseinatzea.
Toki hauetan bozkatu dezakete herritarrek:
– Udaletxean
– Traña-Matienako udal bulegoan
– Errota Kultur Etxean
– Mediatekan
– Online, HEMEN
Mikel Urrutia alkateak bozketan parte-hartzera animatu ditu herritarrak: “Iazko parte-hartzea ona izan zen, baina orduan adierazi genuen bezala, kopuru hori handiagoa izatea gustatuko litzaiguke, legegintzaldi honetan pauso sendoak ematen ari garelako herritarren parte-hartzean. Bozkatzera animatzen dugu, uste baitugu denon artean lan eginda eraiki nahi dugun Abadiño errealitate bihurtzeko biderik onena dela. Bide batez, eskerrak eman gura dizkiegu proposamenak aurkeztu dituzten herritar guztiei, denak gauzatzeko aukerarik izan ez arren, zertan lan egin dezakegun ideia bat izateko balio digulako”.
Edurne Maguregik alkateordeak aurkeztutako proiektuen aniztasunaz hitz egin du: “Aurkeztu diren proposamenak denetarikoak dira, herrian dauden adin, talde, eta sektore desberdinetako pertsonei begirako proposamenak daude. Uste dugu prozesu honek lagunduko digula herri bezala zertan jorratu behar dugun ikusten, baina ezinbestekoa izango da herritarren parte-hartzea”.