DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Herritar guztiei zerbitzu guztiak bermatzea helburu dituzten aurrekontuak onartu ditu Abadiñok

EH Bildu eta AIB-ren, aldeko bozkekin, EAJ-ren abstentzioarekin eta PSE-EE-ren aurkako bozkarekin atera dira

Mikel Urruitia eta Edurne Maguregi

ABADIÑO |  Bi hilabeteko lanketa eginda, 2025eko aurrekontuak onartu berri dira azaroko Osoko Bilkuran, Udal Gobernuaren, EH Bildu eta AIB-ren, aldeko bozkekin, EAJ-ren abstentzioarekin eta PSE-EE-ren aurkako bozkarekin. Prozesu zabala eta irekia izan da, eraginkortasuna eta parte-hartzea bermatzeko helburuarekin, aurtengoan ere, Udal teknikari eta langileak, zinegotziak eta batzordeak aritu baitira ekarpenak egiten, Legegintzaldi Agenda iparrorratz bezala izanik.

Udala diru-sarreren atala ahalik eta gehien eguneratzen saiatu da, pertsona bakoitzak ahal dezakeenaren neurrian ordainduko dituelarik zerga eta tasak. Horrela, egoera ekonomiko onean daudenengandik gehiago jasoz, 13 milioiko langa gaindituko da, kalitatezko zerbitzu publikoak eman ahal izateko.

Badaude aurrekontu hauetatik nabarmentzeko zenbait kontzeptu. Horietako bat da herrigintzan diharduten eragileei eta elkarteei ematen zaien babesa. 60 eragileelkartetik gora dira babes horren hartzaileak (kirolak, kultura, aisialdia, ikerketa…) eta herrigintzaren bihotza zaindu eta indartzea da udalaren lehentasun argi bat.

Herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko, udal zerbitzuak hobetuko dira. Datorren urtean, zaintzak erdigunean jartzeko erronkari aurre egiteko Gizarte Ongizatea eta Gazteria Sailak jorratzeko lanpostu bat sortzea aurreikusten da, programa baten bidez; eraikinetako garbitzaileen lan baldintzak hobetzeko partida handitu da, eta kale garbiketako zerbitzuan izandako hobekuntzak mantentzeko 735.000 euro bideratu dira. Igerileku zerbitzua da diru kopuru handiena esleitu zaiona: milioi 1 euro inguru. Baserri guneetako errepideen mantenurako ia 100.000
euro erabiliko dira.

Edurne Maguregi alkateorde eta Gizarte Ongizateko zinegotziak dionez, “ezinbestekoa da udal zerbitzuetan eguneraketak egiten joatea, herritarrek beharrizan batzuk dituztelako, eta Udalak horiei erantzun behar die. Zaintza erdigunean jarri behar dugun gaia da, eta, aurten egindako kanpainekin eta 2025ean egingo ditugun errefortzuekin, Abadiño gaituta dago herritarrek alor horretan dituzten beharrizanei erantzuteko”.

Horrez gain, Abadiñar gehienentzako oinarrizkoak diren balioetan indarra jarriko du Udalak. Emakumeei bideratutako jabekuntza eskolen aurrekontua bikoiztu baino gehiago egin da; gure herriko memoria historikoaren ikerketa egiteko partida bat sortu da, eta energia eraginkortasunean hobetzeko lan egingo du udalak. Aurrekontu parte-hartzaileen partida kontuan hartuz, inbertsioak 400.000 eurora arte iritsiko dira.

Mikel Urrutia alkateak aurrekontuen prozesua eta nolakotasunari buruz nabarmendu du “elkarlanean egindako aurrekontuak” izan direla: “Bi hilabetean lanketa sakona egin dugu udal talde eta langileen artean Abadiño hobe bat eraikitzeko bidean. Herritar gehienek sinisten duten balioetan aurrera pausoak emango ditugu urte berriarekin batera, eta herriko eragileei gure babesa berretsi nahi diegu, eurak baitira Abadiñoren bihotza, herria hauspotzen dutenak”.

Datorren urteko lehentasuna Sagastako errepidearen berritzea izango da inbertsioen atalean. 2024ko kontuen likidazioen ondoren soberakinen bidez Irazolako ur-hornidura sarea osatzeko bidea egongo da eta Legegintzaldi Agendan zehaztutako beste inbertsio batzuei bide emango zaie. Guztira, 2025. urtean Abadiñoko Udalak milioi batetik gorako inbertsioak eramango ditu aurrera.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top