Asteburu osoan zehar Estatuko iparraldeko kirolaririk onenak elkartuko dira
ABADIÑO | Asteburu honetan Estatuko erdialde-iparraldeko gizon-emakume indartsuenak izango ditugu Abadiñon. Sopelako Raw Barbell klubak izen bereko txapelketa antolatu du: I. Raw Barbell Cup. Guztira, 94 kirolari igaroko dira Traña-Matienako erabilera anitzetatik. EAEko eta Nafarroako klubez gain, Kantabria, Errioxa, Burgos, Soria eta Segoviakoek ere parte hartzen dute. Ostegun arratsaldeko prentsaurrekoan, Joseba Etxegarai,
Raw Barbelleko kide, «maila oso altuko parte-hartzea» egongo dela aurreratu zuen, Irati Izagirre eta Jaime Santillana adibidetzat hartuta.
Izan ere, Santillanak munduko errekorra lortu du 93 kilo baino gutxiagoko junior mailan. “Ez da izango dagoen lehiaketarik handiena, baina bai bereziena”, azpimarratu zuen. Guztira hamalau maila egongo dira asteburuko txapelketan, eta Etxegaraik adierazi zuenez “maila guztietako lehiaketak estu egongo dira eta ikusgarriak izango dira, batez ere larunbat arratsaldekoak,
ikuskizun bikaina izango dugu, bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan “.
Izagirrek, bestalde, Powerliftingean emakumeen parte-hartzea urtetik urtera handitzen ari dela azpimarratu zuen, eta nahiz eta bere kategorian, 84 kiloraino, kirolarien zerrenda luzea ez izan, “pisu arinenetan izen emateak asko handitzen ari dira”. Izagirrek “positibotzat” jo zuen emakumeek ordutegia gizonekin partekatzea, “ordutegi garrantzitsuenetan ere ikusgarritasun berdintasuna egon behar delako”.
Ordutegiak
Asteburua etenik gabe jokatuko da. Larunbateko txandak 11:00etan, 14:30ean eta 17:15ean hasiko dira, eta azkena 20:30ean amaituko da. Igandean ere, lehiaketa 11:00etan hasiko da, baina aurreko egunean baino txanda bat gutxiago egongo da, eta asteburuko azken txanda 14:30ean hasi eta 17:00etan amaituko da.