DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebieta-Etxanok lehen sorospenei buruzko ikastaroa antolatu du urriaren 16an eta 23an

Bihotz-biriketako bizkortzeari (BBB) eta desfibriladorearen erabilerari buruzko bi saio izango ditu, eta Nafarroa Zentroko bigarren solairuan emango da.

Ikastaroa urrian emango da.
Ikastaroa urrian emango da.

AMOREBIETA-ETXANO | “Zure eskuek biziak salbatzen dituzte” goiburupean, Amorebieta-Etxanoko Udalak, bertako Osasun Zentroarekin lankidetzan, lehen sorospenei buruzko oinarrizko ikastaro bat antolatu du. Ikastaro horrek bihotz-biriketako bizkortzeari (BBB) eta kanpoko desfibriladore erdiautomatikoaren erabilerari (KDEA) buruzko bi saio ditu. Prestakuntza honen helburu nagusia zornotzarrei larrialdi-egoeretan jarduteko eta bizitzak salbatzeko beharrezko trebetasunak ematea da.

Ikastaroa urriaren 16 eta 23an (asteazkena) burutuko da 17:30etatik 19:30etara Nafarroa Zentroko bigarren solairuan. 16 urtetik gorako edonork har dezake parte, eta bereziki gomendatzen da beste pertsona batzuen gaineko erantzukizunak dituztenentzat, hala nola entrenatzaileentzat, begiraleentzat, zaintzaileentzat edo irakasleentzat.

Izena emateko epea urriaren 10era arte dago zabalik, eta udalaren webgunean, izen-emateen atalean edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan egin daiteke, 946 30 00 02 telefonora deituta.

Plazak mugatuak dira, eta lehentasuna izango dute udalerrian erroldatutakoek. Edozein kontsulta egiteko, interesatuek prebentzioa@amorebieta.eus helbidera idatz dezakete edo 623 16 92 86 telefonora deitu.

Herritarren osasuna eta ongizatea lehentasun gisa

Zornotzako herritarren osasuna eta ongizatea bermatzea lehentasuna da Udalarentzat. Hori dela eta, gaur egun, Amorebieta-Etxanon 10 desfibriladore daude leku estrategikoetan, bihotz-geldialdietan esku-hartze azkarra ziurtatzeko. Hauek dira desfibriladoreen kokalekuak:

  • Larrea Kiroldegia: 2 desfibriladore
  • Txolon futbol zelaia: 1 desfibriladore
  • Ixerbekoa Kiroldegia: desfibriladore 1
  • Urritxe futbol zelaia: desfibriladore 1
  • Zelaieta Zentroko frontoia: desfibriladore 1
  • Zelaieta Zentroa: desfibriladore 1
  • Zornotza Aretoa: desfibriladore 1
  • Udaltzaingoa: 2 desfibriladore

Horri lotuta eta zornotzarren osasuna eta ongizatea ardatz hartuta, Amorebieta-Etxanoko Udalak konpromiso sendoa du desfibriladoreen kopurua handitzeko eta udalerriko eremu gehiagotara eramateko, larrialdi-egoeretan azkar eta eraginkortasunez jarduteko funtsezko tresnak eskainiz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top