DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Dantz Pointen musika elektroniko eta garaikidea Durangora iritsiko da larunbatean

Ared, Hiike eta Aitana Rodríguez artistek 18:00etatik 00:00etara hartuko dute parte Santa Ana plazan

Jaialdia arratsaldeko 18:00etan hasiko da.
Jaialdia arratsaldeko 18:00etan hasiko da.

DURANGO | Dantz Point proiektua 2019an sortu zen, musika elektroniko eta garaikideko performance artistiko eta sortzaileen bidez ondareari balioa emateko, eta orain, BBKren laguntzari esker, Bizkaira iritsi da. Joan den astean Gernika-Lumotik igaro ondoren, aurrekoa Elorrion, oraingo honetan topagunea Durango izango da, Santa Ana plaza 18:00etatik 00:00etara. Bada, Santa Anako arkua Durangoko ongietorria izango da Dantz Pointera hurbiltzen den jendearentzat, eta plazen arteko elkargune bihurtuko da.

Programazioa

Programazioari dagokionez, hiru artista izango dira Pointen: Ared, Hiike eta Aitana Rodríguez. Hirurek Durangok elektronikari lotuta dituen belaunaldiak ordezkatuko dituzte, eta Pointaren bidez lurraldeak duen elektronikaren eszenari balioa emango zaio.

Ared artistak hasiko du pointa. Mikel Olasolo gernikarrak, Ared izenekoak, duela bi hamarkada eman zituen lehen urratsak musika elektronikoan, 2001ean. Lehenik, Gernikako Revolution aretoan saioak eskainiz eta, urte batzuk geroago, Fiakun House Label-ekin hainbat areto edo proiektutan, bere herriko hainbat lagunekin batera sortu zuen zigilu kolektiboarekin.

Gero, Hiike artistak hartuko du lekukoa. Hiike house eta techno house generoen artean mugitzen den DJ eta ekoizle durangarra da. Euskal Herriko eszena elektronikoan hasi zuen bere ibilbidea, Iker Undersound izenpean. Garai hartan, ekimen entzutetsuak antolatu zituen Durangoko Plateruena aretoan. Ekitaldi horiek laster lortu zuten ospea, eta Euskal Herriko areto eta klub garrantzitsuetan aritzeko aukera eman zioten. Bi disko argitaratu ditu, Seven Villas-en “Those Times” nabarmenduz.

Durangoko Aitana Rodriguezek itxiko du Dantz Point jaialdia. Aitana promesa gazte bat bezala agertzen ari da elektronikaren mundu liluragarrian. Duela urte asko hasi zen musikarekin lotzen, baina duela ia urtebete musika elektronikoarekiko zuen maitasun sakona munduarekin partekatzea erabaki zuen, DJ gisa lehen urratsak emanez. Aitanaren ezaugarri nagusia groove estiloa da, bere techno elementuekin fusionatua, publikoa liluratzen eta energizatzen duen erritmoa. Generoak nahasteko duen trebetasunak eta musikarekiko duen pasioak presentzia nabarmena eman diote tokiko eszenan.

Ekimenaz zuzenean gozatzeaz gain, Santa Ana plazara hurbildu ezin denak, 20:00etatik 21:30era, saioaz gozatu ahal izango du EITBren Primeran plataformaren bitartez.

Dantz Pointen sustatzailea «marken eta kultur proiektuen laborategi» bat da. 2017an sortu zen Euskadin, eta dagoeneko erreferente bihurtu da musika elektronikoaren sektorean. Bere ekimenen artean aipatzekoak dira Dantz Academy, aurrez aurreko eta online prestakuntza-zentroa, eta Dantz Festival, uztailean zortzigarren edizioa egin duena Donostiako Tabakaleran, Donostia Arenan edo Miramongo Anfiteatroan.

Dantz Point Dantzak antolatuko du BBKren babesari esker eta Durangoko Udalarekin lankidetzan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top