“Lardaskeria” EH Bilduren arabera, “sarrera estua da leku beretik sartu eta irtetearekin, ez dago lekurik bi autorentzat”
IURRETA | Datorren astelehenean, uztailak 22, Bidebarrietako aparkaleku berria irekiko da, bertakoentzako ia ehun plaza izango dituena.
Bidebarrieta kalea berrurbanizatzeko proiektua lizitazio fasean dago, eta, horren ondorioz, ia ehun aparkaleku kenduko dituzte kale horretan.
Aparkaleku berriak 94 plaza ditu, horietatik 3 egokituak, eta bertakoentzat izango dira, Bidebarrietako aparkalekua bezalaxe.
EH Bilduk “lardaskeriatzat” jo du Bidebarrietako aparkaleku berria. “380.000 euroko kostua izan du, eta obra amaituta, argi dago lardaskeria baten aurrean gaudela”, zehaztu dute koaliziotik. “Izan ere, aparkalekurako sarbidea estua da; sarrera eta irteera leku beretik izanda, ez dago lekurik bi autorentzat. Gainera, kontuan izan behar da inguru horretatik oinezko eta txirrindulari ugari pasatzen dela. Beraz, uste dugu arriskutsua dela segurtasunari dagokionez. Bidegorria oso estua da eta ez dago argi zein erabiltzaileri zuzenduta dagoen. Inguruko bizilagunek ere kexak aurkeztu dituzte obragatik “, gaineratu dute.
EH Bilduren ustez, “kudeaketa txarraren erruz, obra konpondu beharko da, gainkostu handiarekin. Gobernu-taldea arduratuko al da akatsaz ?»
Ispilu bat bidegorrian
Koaliziotik azaldu dutenez, jende asko ibiltzen da oinez, bizikletaz, patinetan, Zornotzara doan bidegorria aprobetxatuz. Bidea tuneletik igarotzen da autobidearen sarreraren azpitik eta industrialdera ateratzen da. “Iurreta Txirrindulari Elkarteak LIDL supermerkatuarekiko paraleloan bihurgune arriskutsu bat dagoela salatu du, eta dagoeneko hainbat kolpe izan direla jakinarazi du. Horregatik, kurban ispilu bat jartzeko eskatu dio udalari», azpimarratu dute.
EH Bilduren ustez, arazoari irtenbidea ematen dion zentzuzko eskaria da. “Baina, udal gobernuaren erantzuna bestelakoa izan da: abiadura errespetatzen bada, erabiltzaileek erreakzionatzeko denbora nahikoa dutela. Ez gatoz bat erantzun horrekin. Ulertzen dugu txirrindulari elkartearen kezka, eta haien eskaria errespetatzea eskatzen dugu, herritar guztien onerako izango litzatekeelako “, zehaztu dute.