Hezkuntza arloak sustatu du kanpaina, Deusto Valores Sociales taldearekin eta Koncepto enpresarekin elkarlanean

BARAKALDO | Udalak, Hezkuntza arloaren bitartez, hiriko haur parkeetan sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian, gogoeta kolektibo bat sustatzeko teknologien erabilerari buruz, eta haurtzaroan ziberindarkeria matxistak prebenitzeari buruz. Ekimena Cyber-Resistance ikerketa proiektuaren barruan kokatzen da. Generoaren eta ziberindarkeriaren hirugarren arrakala digitala haurtzaroan: hezkidetza, aukerak eta erresistentziak. Deusto Valores Sociales taldeak garatu du, Koncepto enpresaren eta Barakaldoko Udalaren laguntzarekin, hiru urteko ikerketa eta esku hartzeen ondoren.
Kanpaina honetan, pegatinak jarriko dira Barakaldoko hainbat haur parketan. Esaldi eta galderek teknologiak nola erabiltzen ditugun eta, bereziki, haurrak ingurune digitalean nola hezten ari garen hausnartzera gonbidatzen gaituzte. Mezuak jarri dira Lutxanako kolunpioen plazako haur parke estalian, Llano kaleko haur parkean (Munoa HLHIren atzean), Sagastagoitiko haur parkean eta Munoa HLHIko haur gunean.
Mezuek helburu bikoitza dute. Batetik, gizartea kontzientziatu nahi dute teknologia berriekin duten harremanean haurrei laguntzearen garrantziaz. Bestetik, batzuetan ezkutuan dauden errealitateak ikusarazi nahi dituzte, hala nola pornografiarekiko esposizio goiztiarra, indarkeria estetikoa, ziberjazarpena eta beste ziberindarkeria matxista mota batzuk, baita espazio digitaletan errepikatzen diren genero joerak ere.
Hurbileko mezuen eta gune horietara joaten diren pertsonak zuzenean interpelatzen dituzten galderen bidez, kanpainaren helburua da haur parkeak, jolasa eta bizikidetza bultzatzeaz gain, ingurune digitalak haurtzaroan planteatzen dituen erronkei buruzko kontzientzia sortzeko eta elkarrizketak irekitzeko balio duten leku bihurtzea.
Kanpaina hau garrantzitsua da hezkuntza ekimenak eta sentsibilizazio ekimenak bultzatzeko, desberdintasunei eta indarkeria mota guztiei aurrea hartzeko, txiki-txikitatik, familiak zein gizarte osoa inplikatuz. Gainera, kanpainak Cyber-Resistance proiektuaren zenbait gogoeta eta emaitza jasotzen ditu, eta hezkuntza digital berdinzaleagoa, seguruagoa eta indarkeriarik gabea lortzen laguntzea du helburu.


