DOT Durangaldea

DA!PRO topaketak musika eta haur ikuskizunen hamar proposamen aurkeztuko ditu Durangon

Durangoko Azokaren atarian egingo den zortzigarren edizioak sortzaileak eta programatzaileak elkartuko ditu azaroaren 24an eta 26an

Ekimena azaroaren 24an eta 26an izango da

DURANGO | DA!PRO topaketaren zortzigarren edizioa azaroaren 24an eta 26an egingo dute, Durangoko Azokaren atarian. Ekimenak euskarazko musika eta haur ikuskizunen sortzaileak, kultur arloko profesionalak eta programatzaileak elkartuko ditu, proposamen berriak ezagutarazteko eta etorkizuneko lankidetza-aukerak sustatzeko.

Topaketan, sortzaileek beren lanak aurkeztuko dituzte, eta kultur zein euskara teknikariek, liburutegietako dinamizatzaileek eta jai-antolatzaileek eskaintza ezagutzeko aukera izango dute. Programatzaileek azaroaren 23ra arte eman dezakete izena, durangokoazoka.eus webguneko izen-emateen atalean.

DA!PROren helburua da euskal kulturgileen lana Euskal Herrian zehar zabaltzea eta herrietako kultur programazioak euskarazko proposamenez hornitzea. Horretarako, aurkeztutako lanak bi katalogotan bilduko dituzte, programatzaileen eskura jartzeko: bat haur ikuskizunei eskainia, eta bestea musika-proiektuei.

Hamar proposamen

Haur ikuskizunei eskainitako jardunaldia azaroaren 24an izango da, 09:30etik aurrera, Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan. Hamar proposamen artistiko aurkeztuko dituzte, 3 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta. Ipuin-kontaketa, musika, bertsolaritza, antzerkia, txotxongiloak, ilusionismoa eta malabareak izango dira, besteak beste, eskaintzaren barruan.

Hauek dira aurkeztuko dituzten ikuskizunak:

  • Ortzi-mugaren bi aldeak, Ameli ipuin kontalaria.
  • Hitzekin jolasean, Taulelak Antzerki Taldea.
  • Bertso jasa bat-bateko jolasa, Lanku.
  • Txuri-beltza da ta!, Lanku.
  • Otsoko eta Xixili, Lanku.
  • Desberdinak gara eta harro gaude, La Enananaranja.
  • 3 Elementu – 360ºko esperientzia murgiltzailea, Hodei Produkzioak.
  • Nai Malabarista, Nai Imaginazioak.
  • Ameztu antzerkia – Ipurbeltz, Nai Imaginazioak.
  • Kay robot, Ameztu antzerkia.

Proposamenak askotariko espazioetara egokitzeko pentsatuta daude, hala nola liburutegietara, kultur aretoetara eta jaietako programazioetara.

Hamar musika-proiektu

Musika-proiektuen txanda azaroaren 26an izango da, 09:30etik aurrera, San Agustin kulturgunean. Guztira, 24 proposamen aurkeztu dira, eta horietatik hamar aukeratu dituzte topaketan aurkezteko: Andrea Goikolea, Ane Martija, Azax, Bakelite, Bafi etxeko loturak, Gar, Garazi Esnaola, Lanbro, Mirari eta Rig3l.

Estiloei dagokienez, popak eta pop-rockak proposamenen % 41,7 osatzen dute; rockak eta metalak, berriz, % 25. Hiri-musikak eta folkak % 8,3na hartzen dute, eta gainerako % 16,7a jazzaren, musika klasikoaren, elektronikaren eta kantautoretzaren artean banatzen da. Gainera, aurkeztutako proiektuen ia % 80 nobedade gisa identifikatu dituzte.

MusikaGaz Fest

DA!PROn aurkeztuko diren musika-proiektuek beste aukera bat ere izango dute. Amorebieta-Etxanoko Udalak MusikaGaz Fest jaialdiaren bosgarren edizioa antolatuko du 2027ko urtarrilaren 30ean, eta egun horretako egitaraua DA!PROko proposamenekin osatzeko asmoa du. Hala, azaroaren 26ko aurkezpenean parte hartzen duten musikariek jaialdian aritzeko aukera izango dute.

DA!PRO Gerediaga Elkarteak, Musika Bulegoak, Berbaro Elkarteak eta Bizenta Mogel bibliotekak antolatzen dute, BBK Fundazioaren babes nagusiarekin. Haur ikuskizunen topaketa Berbaro Elkarteak koordinatuko du, eta musika-proiektuena, Musika Bulegoak.

Gerediaga Elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiaren esanetan, programatzaile eta teknikariek lan garrantzitsua egiten dute kultura herritarrengana hurbiltzen eta euskararen erabilera sustatzen. Horregatik, topaketak sortzaileen eta programatzaileen arteko harremanak sendotzea eta euskal kultur eskaintza herrietako plazetara, jaietara eta antzokietara eramatea du helburu.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top