Halaber, EIOZaren %95eko hobaria onartu du alokairu babestuko etxebizitzak sustatzeko eraikuntza-lanetarako

BERMEO | Udalak 2027an indarrean sartuko diren hainbat ordenantza fiskalen aldaketak onartu ditu osoko bilkuran. Neurrien artean dago egonaldi turistikoen gaineko zerga berria arautzea, baita Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ) hobari bat ezartzea ere, alokairu babestuko etxebizitzen sustapena bultzatzeko.
Egonaldi turistikoen gaineko zerga 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2026ko ekainaren 17an onartutako 3/2026 Foru Arauari jarraituz. Udalaren arabera, neurriaren helburua da turismo-jarduerak udalerrian eragiten dituen ondorioei aurre egitea eta turismo jasangarriagoa sustatzea.
Zerga ezartzeko zenbatekoak Bermeoko hiru udal taldeen arteko adostasunez zehaztu dira, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako tauletan oinarrituta. Udalak herriko errealitate ekonomikoa eta etxebizitzaren egoera hartu ditu kontuan, eta tokiko jarduera ekonomikoan garrantzia duten ostatu-establezimenduei tarteko tasak ezartzea erabaki du.
Nekazaritza-turismoko establezimenduek gutxieneko tasa izango dute, lehen sektorearekin duten lotura eta sektore horrek jasotzen dituen laguntza publikoak kontuan hartuta. Erabilera turistikoko etxebizitzek, aldiz, 6,50 euro ordaindu beharko dituzte gau eta pertsona bakoitzeko, Bermeok etxebizitza-eremu tentsionatu izateko duen egoera eta etxebizitza turistikoek merkatuan duten eragina aintzat hartuta.
Ostatu-motaren araberako tarifak
Udalak honako zenbateko hauek ezarri ditu gau eta pertsona bakoitzeko:
- Hotelak: 1,25 eta 5 euro artean, kategoriaren arabera.
- Pentsioak: 1,25 euro.
- Apartamentu turistikoak: 2 euro.
- Kanpinak eta kanpatzeko beste modalitate batzuk: 1,25 euro.
- Nekazaritza-turismoko establezimenduak: 0,50 euro.
- Landetxeak: 0,75 euro.
- Aterpetxeak: 1,25 euro.
- Turismo-ostatuko beste establezimendu batzuk: 2 euro.
- Erabilera turistikoko etxebizitzak, osorik edo logelaka alokatuta: 6,50 euro.
- Itsas bidaia turistikoetako ontziak: 6 euro. Udalak zehaztu du gaur egun Bermeon ez dagoela horrelako ontzirik.
Hainbat kolektibo eta egoeratan, ordea, ez da zerga ordaindu beharko. Salbuetsita egongo dira, besteak beste, gizarte-programen bidez diruz lagundutako egonaldiak; 18 urtetik beherako pertsonenak; %65eko desgaitasuna edo handiagoa dutenenak eta II. edo III. graduko mendekotasuna dutenenak. Era berean, ikasketekin, ikerketa akademikoarekin edo talentu-programekin lotutako egonaldiak, osasun-arrazoiengatik egindakoak eta ezinbesteko kausengatik —hondamendi naturalak edo larrialdi-egoerak, esaterako— egin behar direnak ere salbuetsita egongo dira.
Bestalde, osoko bilkurak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) ordenantza fiskala aldatzea onartu du. Alde batetik, Elizarentzat orain arte indarrean zegoen salbuespena kenduko da.
Bestetik, Visesarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, zerga-kuotaren %95eko hobaria ezarriko da alokairu babestuko erregimenean babes publikoko etxebizitzak sustatzeko eta eraikitzeko obretan. Udalak obra horiek interes berezikotzat edo udal-onurakotzat joko ditu, gizarte-interes handiko helburuak dituztelako.


