Azaroaren 4an topaketa egingo dute Errota Kultur Etxean

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak ‘Abadiño zaintzen duen herria’ egitasmoa jarri du abian, adinekoen arteko harreman sozialak indartzeko, bakardade eta isolamendu egoerak prebenitzeko eta udalerriko laguntza-sare komunitarioak sendotzeko.
Proiektua Abadiñoko adinekoen egoerari eta zaintzari buruz egindako diagnostikoan identifikatutako jarduera-ildo nagusietako batetik sortu da. Prozesu parte-hartzaile horretan udaleko teknikariek, ordezkari politikoek, herritarrek eta adinekoen ongizatearekin lotutako hainbat eragilek hartu zuten parte; besteak beste, adinekoen elkarteek, Mankomunitateko teknikariek, Osakidetzak eta Zainduz-ek.
Lan horren ondorioz, udalerri zaintzaileagoa eraikitzeko hainbat proposamen jasotzen dituen ekintza-plana osatu zen. Lehentasunen artean, harreman-sareak indartzea eta zaurgarritasun, isolamendu edo laguntza eta parte-hartze sozialaren beharrei lotutako egoerak garaiz hautematea zeuden.
Egitasmoa garatzeko, Udalak 15.000 eurotik beherako kontratua aurreikusi du. Gizarte-hezitzaile batek hartuko du parte, eta hamar hilabetez —2026ko ekainetik 2027ko martxora— lanaldiaren % 30 eskainiko dio proiektuari. Haren zeregina izango da adinekoengana eta udalerriko eragile nagusiengana hurbiltzea, harreman sozialen eta zaintza komunitarioaren garrantziaz sentsibilizatzea, parte-hartze soziala sustatzea eta komunitateko loturak indartzea.
Topaketa urriaren 28an
Datozen asteetan, ekimenaren arduradunak Abadiñoko adinekoekin harremanetan jarriko dira proiektua aurkezteko, haien interesak ezagutzeko eta kezkak zein beharrak jasotzeko. Horrez gain, udalerriko gizarte-, osasun- eta komunitate-baliabideekin koordinatuta lan egingo dute, arrisku-egoerak hobeto hautemateko eta beharrezko laguntzak eskuratzea errazteko.
Ekimenaren barruan, urriaren 28an topaketa egingo dute harreman sozialen, parte-hartzearen eta zaintza komunitarioaren garrantziaz hausnartzeko eta ideiak partekatzeko. Hitzordua 17:30ean izango da, Errota Kultur Etxean.


