Jarduketa honek Karmen 2.0 proiektuari jarraipena emango dio

AMOREBIETA-ETXANO | Karmen 2.0 proiektuak aurrera jarraitzen du, eta datorren asteartean, urriaren 13an, Karmen kaleko 11. eta 17. zenbakien arteko tartea berrurbanizatzeko lanak hasiko dira. Espaloiak zabaltzea, berdegune gehiago sortzea, oinezkoen mugikortasuna lehenestea eta ibilgailuen trafikoa murriztea dira jarduketa berri honen ardatz nagusiak. Helburua hiri-ingurunea hobetzen jarraitzea eta zornotzarren bizi-kalitatea handitzea da.
Berrurbanizazio honek Karmen 2.0 proiektuari jarraipena emango dio, Amorebieta-Etxanoko erdigunea irisgarriagoa, jasangarriagoa eta herritarren ongizatera bideratuagoa izango den espazio bihurtzeko. Urbanizazio-proiektu hau udal gobernuaren legegintzaldi honetako apustu nagusietako bat da, eta herriko ardatz nagusietako bat den Karmen kalea berreskuratzea eta modernizatzea du helburu. Horretarako, oinezkoen mugikortasuna, jasangarritasuna eta herritarren bizi-kalitatea lehenesten dituen diseinua izango du oinarri.
Jarduketa Karmen kaleko beste tarte batean egingo da, 11. eta 17. zenbakien artean, hau da, Konbenio kaleko bidegurutzetik Larrabide kaleko bidegurutzera bitartean. Lan horiei esker, hiri-ingurunea hobetzen jarraituko da, irisgarritasuna eta jasangarritasuna sustatuz eta oinezkoen mugikortasunari lehentasuna emanez. Proiektuaren handitze honek 750.000 euroko aurrekontu zenbatetsia du, eta lanak gauzatzeko epea sei hilabete ingurukoa izango da.
Xehetasunak
Asteartean hasiko diren lanen bidez, espaloiak zabalduko dira, oinezkoentzat espazio gehiago sortzeko eta joan-etorriak erosoagoak eta seguruagoak izan daitezen. Horrez gain, inguruan landaredia gehituko da, zuhaitzak eta zuhaixkak landatuz. Horrela, herriko berdeguneak handituko dira, airearen kalitatea hobetzen lagunduko da eta hilabete beroenetan itzalgune gehiago egongo dira.
Oinezkoei lehentasun handiagoa emango dien espazioaren diseinuak trafikoa baretzen ere lagunduko du. Horretarako, oinezkoentzako pasabide goratuak jarriko dira, eta ibilgailuen abiadura murrizteko neurriak hartuko dira. Era berean, azpiegitura-sareak berrituko dira, saneamendu-sarea barne, sistema banatzailera egokitzeko. Horri esker, euri-urak eta hondakin-urak husteko sistemaren eraginkortasuna hobetuko da.
Azkenik, hiri-altzariak ere berrituko dira, herriko diseinu orokorrarekin bat datozen banku eta paperontzi berriak jarriz. Halaber, argiteria publikoa hobetuko da, gaueko segurtasuna areagotzeko eta argi-kutsadura murrizteko.
Ainhoa Salterain alkateak proiektu honen garrantzia azpimarratu du, udal gobernuak Amorebieta-Etxano eraldatzeko duen konpromisoaren barruan. «Karmen 2.0 proiektuaren handitzea herri irisgarriago, jasangarriago eta pertsonentzat atseginago baten alde egiten dugun apustuaren beste erakusgarri bat da. Gure bizilagunen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko diseinatu dugu proiektu hau, baita herrigune dinamikoagoa eta ingurumenarekiko errespetutsuagoa sortzeko ere. Amorebieta-Etxano etengabe ari da eraldatzen, eta proiektu hau bide horren parte da», adierazi du Salterainek.
Handitze honekin, herrigune bizigarriago bat sortzeko bidean aurrera egiten jarraitzea espero da. Oinez eta bizikletaz ibiltzea bezalako mugikortasun aktiboko moduak sustatu nahi dira, jasangarritasuna udalerriko hirigintza-politiken ardatz nagusietako bat izan dadin.


