DOT Durangaldea

“Ongi etorri mundura, txiki!” liburua Zornotzako jaioberrientzat

Udalak lehen aldiz argitaratu du familiei laguntzeko eta bizitzako lehen urteetatik euskararen erabilera sustatzeko argitalpen berri hau

Aurkezpena irailaren 25ean izango da

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak “Ongi etorri mundura, txiki!” liburua aurkeztu du gaur. Ekimen berri honen helburua haur jaioberriak eta 0 eta 3 urte arteko haurrak dituzten familiei laguntzea eta euskara egunerokoan modu natural eta hurbilean txertatzeko baliabideak eskaintzea da.

Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterain Gandariasek nabarmendu duenez, “haur baten etorrerarekin ikaskuntzez, aurkikuntzez eta partekatutako unez betetako etapa berri bat hasten da. Udaletik familiei bide honetan ere lagundu nahi diegu, euskarara modu naturalean hurbiltzen lagunduko dieten baliabideak eskainiz, maitasunetik eta eguneroko bizipenetik abiatuta”.

Horrela, argitalpenak aholkuak, jolasak, abestiak eta hainbat baliabide jasotzen ditu, familiek euskara eguneroko bizitzan modu erraz eta hurbilean txertatu ahal izan dezaten. Liburua familia guztiei laguntzeko diseinatuta dago, bai dagoeneko euskara erabiltzen dutenentzat, bai hizkuntzan lehen urratsak ematen ari direnentzat.

“Euskara gure nortasunaren parte da, eta belaunaldi berriek lehen egunetatik bizi ahal izatea nahi dugu: etxean, kalean, jolasen, abestien eta eguneroko une txikien bidez. Liburu hau helburu horrekin sortu da: zornotzar familia guztientzako hurbileko tresna izatea, bakoitzaren hizkuntza-errealitatea edozein dela ere”, gaineratu du alkateak.

Webgune berria

Paperezko argitalpenarekin batera, udal webgunean gune espezifiko bat jarriko da martxan. Bertan, liburuaren edukia eta hainbat baliabide osagarri egongo dira eskuragarri. Argitalpenak hainbat bertsio ditu: euskara-gaztelania, euskara-errumaniera eta euskara-arabiera, udalerriko familien aniztasunera egokitzeko.

Familiei zuzendutako aurkezpena irailaren 25ean, ostirala, 17:30ean, Zelaietan egingo da. Ekitaldian alkateak liburua aurkeztuko du eta, ondoren, Kontu Kantari taldeak argitalpenean jasotako hainbat abestirekin ikuskizuna eskainiko du.

Udalak lehenengo banaketa batean 0 eta 3 urte arteko 350 haur ingururi emango die liburua, eta aurrerantzean udalerrian jaiotzen diren haur berrien familiei ere eskainiko zaie.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top