DOT Durangaldea

Amorebieta-Etxanoko Udalak katu-koloniak kudeatzeko sistema jarri du martxan

Animalien Lagunakekin batera garatutako eredu berriak CER metodoa, kolonien erregistroa, zaintzaileen egiaztapena eta udalerriko katu-kolonien seinaleztapena jasotzen ditu

Udalak udalerriko katu-koloniak kudeatzeko sistema antolatu bat jarri du

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak udalerriko katu-koloniak kudeatzeko sistema antolatu bat jarri du martxan, animalien ongizatea hobetzeko, komunitateko katuen populazioa kontrolatzeko eta bizikidetza sustatzeko helburuarekin.

Udalak dagoeneko badu Katu Koloniak Kudeatzeko Programa, eta Animalien Lagunak elkartearekin lankidetza-hitzarmena formalizatu du. Erakunde horrek kolonien koordinazioan eta jarraipenean parte hartuko du.

Sistemak CER metodoa (harrapaketa, esterilizazioa eta itzulera) aplikatzea aurreikusten du, baita kolonien, horien kokapenaren eta zaintzaileen erregistroa egitea ere. Zaintzaileek baimenduta eta identifikatuta egongo dira udal-txartel baten bidez, eta erantzukizunpeko adierazpen baten bidez programa betetzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Gainera, baimendutako koloniak seinaleztatuta egongo dira, eta modu kontrolatuan kudeatutako elikadura-puntuak izango dituzte, higiene-, segurtasun- eta animalien ongizate-irizpideei jarraituz, zornotzarren osasungarritasuna arriskuan jarri gabe.

Ainhoa Salterain alkateak nabarmendu duenez, “helburua katu-kolonien kudeaketa arduratsu eta antolatu baterantz aurrera egitea da, Animalien Lagunakekin elkarlanean, animalien ongizatea bermatuz eta udalerriko bizikidetza hobetuz”.

Neurri horien bidez, Udalak kudeaketa koordinatu, jasangarri eta hiri-ingurunearekiko zein animalien ongizatearekiko errespetuzkoa sendotu nahi du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top