Galdetegia zabalik dago nahi duen ororentzat, eta bertan jasotako ekarpenak erabiliko dira 2027ko jaien egitaraua eta zerbitzuak hobetzeko

AMOREBIETA-ETXANO | 2026ko Karmengo jaiak amaituta, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarren esperientzia, balorazioak eta iritziak ezagutu nahi ditu. Horretarako, online inkesta bat jarri du martxan jaietan parte hartu duten pertsonek gustukoen izan dituzten ekitaldiak, hobetu beharreko alderdiak eta etorkizuneko edizioetarako proposamenak parteka ditzaten.
Galdetegiaren bidez, jai-egitarauko hainbat ekimen puntuatzeko aukera dago, hala nola kontzertuak, antzerki-emanaldiak, txupinazoa, marmitako lehiaketa ezaguna, danborradak edota su artifizialak.
Jaietako egitaramaz gain, inkestak bide emango du egindako prebentzio eta antolaketa lanak baloratzeko. Besteak beste, herritarrek beren iritzia eman ahal izango dute komun publikoen egoeraz, garbiketaz, Puntu Moreaz, irisgarritasun-neurriez edota marmitako egunean egindako mahai-banaketaz.
Era berean, galdetegiak atal berezi bat du jaien balorazio orokorra egiteko eta 2027ko edizioari begira iradokizunak zein hobekuntza-proposamenak helarazteko.
Parte-hartzea erabat anonimoa da, eta galdetegia euskaraz zein gaztelaniaz bete daiteke Udalak horretarako gaitutako online estekaren bidez. Jasotako ekarpen guztiak datozen urteetako programazioa, zerbitzuak eta antolaketa orokorra hobetzeko erabiliko dira.


