DOT Durangaldea

Zornotzako ‘Ametsetatik Herrira’ ekimenak 7.000 ekarpenetik gora jaso ditu dagoeneko

850 lagunek baino gehiagok eta tokiko 60 enpresa eta elkartetik gora hartu dute parte orain arte

Prozesuak dagoeneko 7.000 herritar-ekarpen baino gehiago jaso ditu

AMOREBIETA-ETXANO | Ametsetatik Herrira Amorebieta-Etxanon sustatzen den herritarren entzute eta parte-hartze prozesurik handiena bilakatu da, datozen urteetako udalerriaren ikuspegi partekatua eraikitzeko.

Abian jarri zenetik, prozesuak dagoeneko 7.000 herritar-ekarpen baino gehiago jaso ditu, Amorebieta-Etxanoren orainari eta etorkizunari buruzko ekarpen, iritzi, balorazio eta proposamenen bidez.  Gainera, 850 lagunek baino gehiagok eta tokiko 60 enpresa eta elkartetik gora hartu dute parte orain arte garatutako faseetan, aurrez aurreko saioen bidez zein galdetegi eta kontsulta espezifikoen bidez.

Online inkestak

Herritarren iritzia jasotzeko modu ezberdinak baliatuta, inkesta onlineak oso tresna baliotsu izan dira Ametsetatik Herrira prozesuan. 18 eta 95 urte bitarteko herritarrek parte hartu dute, eta parte-hartzea oso zabaldua izan da: Lehen inkesta irekian 183 lagunek parte hartu dute, kirolari buruzko inkestan 461 lagunek, kulturari buruzkoan 120 lagunekerdigunean 14 pertsona online eta 47 inkesta fisiko betez, eta berdintasuna lantzeko inkestan 56 lagunek hartu dute parte.

Parte-hartze topaketak

Era berean, aurrez aurreko topaketak ere funtsezkoak izan dira herritarren ekarpenak modu zuzenean jasotzeko eta elkarlanean hausnarketa egiteko. Prozesuan 32 enpresak, kirol arloko 20 elkartek eta kultura arloko 10 elkartek hartu dute parte. Halaber, 70 adineko pertsonak ere beren ekarpenak egin dituzte, horietatik 15 Larrea auzoko bizilagunak izanik. Auzoetako saioei dagokienez, Andrandi auzoan bi topaketa egin dira, lehenengoan 17 lagunek eta bigarrenean 33 lagunek parte hartuta; Erdiguneko auzoan, berriz, 15 bizilagun bildu dira. Parte-hartzaile guztiek ekarpen baliotsuak egin dituzte etorkizuneko lehentasunak identifikatzeko eta udalerria guztion artean hobetzeko.

Proiektuaren lehen fasean 2.000 ekarpen baino gehiago jaso ziren, eta 250 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte hausnarketa kolektiborako hainbat gunetan. Lehen entzute-ariketa horri esker, datozen urteetarako herritarren lehentasun nagusiak identifikatu ahal izan ziren: bizi-kalitatea, jasangarritasuna, etxebizitza, segurtasuna, mugikortasuna, enplegua, gizarte-kohesioa eta espazio publikoen hobekuntza.

Diagnostiko partekatu horretatik abiatuta, Udalak udalerriko bizitzaren hainbat esparrutan sakontzen jarraitu du, berdintasuna, kultura edo hirigunearen etorkizuna bezalako gaiak ardatz izan dituzten parte-hartze prozesu berrien bidez.

Hala, orain arte ateratako ondorioek erakusten dute herritarrak bat datozela herriaren etorkizuneko lehentasunetan.

Berdintasunaren arloan, parte-hartzaileek udalerri seguruago, irisgarriago, inklusiboago eta zaintzarekin konprometituago baten alde egiten jarraitzeko beharra azpimarratu dute, emakumeen parte-hartzea indartuz eta politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzen jarraituz.

Kulturaren arloan, herritarrek oso modu positiboan baloratzen dituzte programazioa, udal-ekipamenduak eta Amorebieta-Etxanoren nortasunaren parte diren ekitaldi nagusiak. Aldi berean, parte-hartzea handitzeko, publiko gehiagorengana iristeko eta kulturak topagune eta gizarte-kohesiorako gune gisa duen eginkizuna indartzeko aukera berriak planteatu dituzte.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie orain arte Ametsetatik Herrira prozesuan parte hartu duten herritar guztiei, eta herritarrak gonbidatu nahi ditu gaur egun martxan dauden fase berrietan parte hartzen jarraitzera.

“Ametsetatik Herrira etengabeko entzute eta elkarlanean eraikitzeko prozesu bihurtzeko bokazioarekin jaio da. Izan ere, Amorebieta-Etxanorako etorkizun onena denen artean eraikitzen dena da, Arkalaz!”, adierazi du alkateak, Ainhoa Salterainek.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top