DOT Durangaldea

Traña-Matienako eskolak 100 urte beteko ditu eta ekitaldi asko prestatu ditu

Mendeurrena aurtengo ekainaren 5ean izango den arren, eskola komunitateak eta Guraso Elkarteak ikasturte osora zabalduko dituzte ospakizunak

Ekainaren 5ean 100 urte beteko ditu eskolak

ABADIÑO – Datorren ekainaren 5ean, ostirala, Traña-Matienako herri eskolak mende bat beteko du ateak lehen aldiz ireki zituenetik. Hori dela eta, eskola komunitateak, Ikasleen Gurasoen Elkartea barne, efemeride historiko hau ospatzeko ekitaldi sorta oparoa prestatu du.

Egun seinalatuko ekitaldi nagusia arratsaldeko 17:00etan hasiko da eskolako jolastokian. Antolatzaileek iragarri dutenez, harrera ekitaldi indartsua izango da, herriaren aniztasuna eta kultur aberastasuna erakutsiko dituena eta 100 urteko ibilbideari omenaldia egingo diona. “Guretzat, ospakizun hau ez da ekitaldi soil bat izango, gure herriaren bizitza, bilakaera soziokulturala eta belaunaldiz belaunaldi eraikitako komunitate-loturak islatzen dituen ikuskizun handi bat baizik”, azaldu dute 100. Urteurreneko Batzordeko kideek.

“Auzo baten oihua”

Mendeurrenerako lema aproposa aukeratu du komunitateak: Auzo baten oihua. Batzordekideen ustez, “Traña-Matienak beti izan du auzo-nortasuna eta izaera propioa, eta, hein handi batean, eskolari zor zaio hori. 100 urte hauetan eskola izan delako auzoaren taupada: ikasketa akademikoen lekua, baina baita kultur eragileena, kirol taldeena, euskararena eta bizikidetzarena ere”.

Gauzak horrela, ekainaren 5eko ekitaldian, mendeurrenerako espresuki sortutako abestia eta bideoklipa aurkeztuko dira. Kantua Baske Street Boys taldeak egin du (lau taldekideetako hiru eskolako ikasle ohiak dira). Ekitaldi instituzionalaren ostean, jolasak eta disko-festa egongo dira herritar guztientzat.

Ospakizunak urte osoan zehar eta dokumentala

Ekainaren 5eko datak ez dio amaierarik emango mendeurrenari; aitzitik, hasiera ofiziala izango da. Hortik aurrera, 2026-2027 ikasturte osoan zehar, askotariko ekintza kulturalak antolatuko dira Abadiñon.

Gainera, Durangoko Bideografik ekoiztetxearekin elkarlanean, eskolaren 100 urteko historiari buruzko dokumental bat prestatzen ari dira. Bertan, irudi historikoak, testigantzak eta memoria kolektiboa bilduko dira, eta datozen hilabeteetan aurkeztuko dute. Mende beteko ibilbide honi amaiera borobila emateko, jai erraldoi bat egingo da 2027ko ekainean.

Lan horiek guztiak koordinatzeko, hilabeteetan zehar auzolanean aritu da irakasleek, ikasleek, gaur egungo zein antzinako familiek, udal ordezkariek eta herriko hainbat eragilek osatutako batzordea.

Mende bat baserri inguruko umeak alfabetatzen

Traña-Matienako eskola Trañako Eskola modura jaio zen 1926an. Garai hartan, Bizkaiko Foru Aldundiak baserri inguruetako umeak alfabetatzeko asmoz “auzo eskolak” (Escuelas de barriada) eraikitzeari ekin zion.

Eskolaren jatorrizko eraikinean jubilatuen etxea dago gaur egun. Gerora, haren ondoan, Haur Hezkuntzako eta jantokiko eraikina egin zen, eta azkenik, egungo Lehen Hezkuntzako blokea. Mende batez, eskolak milaka haur eta belaunaldi batu ditu, eta horregatik, mendeurren hau auzo oso baten memoria kolektiboaren aitortza bihurtuko da.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top