Prezioa, alokairu eskuragarririk eza eta sartzeko zailtasunak dira ondorio nagusiak

ABADIÑO | Abadiñoko Etxebizitza Plana lantzeko prozesuaren baitan, Hiritik At taldeko Ander Zangitu arkitektoak martxoan bultzatutako herritarren inkestaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean. Jasotako 229 erantzunek argazki argia eskaintzen dute: udalerriko etxebizitza arazoak egiturazko izaera du, eta eragina du bai etxebizitza eskuratzeko orduan, bai etxeen baldintza eta egokitasunean.
Parte-hartzea modu positiboan baloratu da, eta emakumeak izan dira nagusi (%57,9); gizonak %40,2 izan dira, eta %1,9 identitate ez-bitarreko pertsonak. Gehiengoa jabetzako edo alokairuko etxebizitzetan bizi bada ere, emantzipatzeko edo egoera hobetzeko zailtasunek dirute, batez ere independentizatu nahi izan arren familiaren etxean jarraitzen dutenen artean.
Neurri publikoen eskaera
Prezioa da oztopo nagusia, alokairu eskuragarririk ezarekin eta sarbide-zailtasunekin batera. Horri guztiari egoera anitzetara gaizki egokitutako eskaintza gehitu behar zaio: pisuak eta familia-unitateak dira nagusi, baina bakarrik bizi diren pertsonen kopuruak gora egin du. Horrek etxebizitza txikiagoak edo malguagoak behar direla adierazten du.
Eszenatoki honen aurrean, herritarrek esku-hartze publiko handiagoa eskatzen dute, hala nola alokairu eskuragarriko parkea zabaltzea edo etxebizitza hutsak mugiaraztea. Gobernu-taldearen ustez, emaitza hauek “modu erabakigarrian lanean jarraitzeko beharra berresten dute”, bereziki gazteei bidea errazteko. Prozesuak Ekintza Plana zehazteko bideari ekingo dio orain, teknikarien, udal-taldeen eta etorkizuneko etxebizitza-mahaiaren partaidetzarekin.


