Gure Kirolak pilotalekuaren erreserba udal webgunearen zein NIK Patrika aplikazio digitalaren bidez egin daiteke

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak urrats berriak egin ditu herritarrek udal-zerbitzuetara sarbidea errazago izan dezaten, bai kirol arloan, bai administrazio-izapideak egiteko orduan.
Alde batetik, joan den astetik aurrera Gure Kirolak udal pilotalekua udal webgunearen bidez erreserbatu daiteke. Orain arte squash pista bakarrik alokatu zitekeen; aurrerantzean, berriz, pilotalekuaren erabilera ere modu telematikoan kudeatu ahal izango da, Larreara bertaratu beharrik gabe. Era berean, erreserba NIK Patrika aplikazio digitalaren bidez ere egin daiteke, Android eta iOS gailuetarako eskuragarri.
Bestalde, udal kutxazain berriak instalatu dira udaletxean eta Zelaietan, ohiko izapideak modu autonomoan egin ahal izateko. Gailu horien bidez errolda-ziurtagiriak eskuratu, ordainagiriak kontsultatu eta ordaindu daitezke, AIZa, pasaportea edo NIK Patrika eta miDNI aplikazioak erabiliz. Azpimarratzekoa da orain arte NAN-a zuten pertsonek bakarrik egin ahal izan zituztela erakiketa hauek; orain berriz, kutxazain berriekin, aukera zabaldu da pasaportea edo AIZa duten pertsona atzerritarrei.Kutxazainak Udaletxean 07:30etik 15:00etara egongo dira erabilgarri, eta Zelaietan 08:30etik 21:00etara.
Horrez gain, Udalak datozen hilabeteetan kutxazain horien zerbitzu-eskaintza zabaltzea aurreikusten du, besteak beste kirol instalazioak erreserbatzeko aukera, Zornotza Aretoko sarreren salmenta edo udal erregistroko izapideak bertan egiteko aukera txertatuz.
Neurri horien bidez, Udalak aurrera egiten jarraitzen du herritarren eta udal zerbitzu publikoen arteko harremana errazten, irisgarritasuna eta erosotasuna handituz.


