Bi tailerrak 16:00etatik 19:00ak arte izatea aurreikusten da

MALLABIA | Udalak Zapatuero programa garatzen jarraitzen du, aisialdi hezitzailea eta parte-hartzailea sustatuz, eta berdintasuna, errespetua, aniztasuna eta lankidetza bezalako balioak indartuz. Oraingoan, martxoaren 21eko jardunaldian adinaren arabera bereizitako bi proposamen eskainiko dira, sormena eta berdintasunaren inguruko hausnarketa bultzatuz.
Berdintasun tailerra – Kontzejuzarrean
Txikienei zuzendutako jardueran, parte-hartzaileek brotxe eta giltzatako pertsonalizatuak sortuko dituzte. Sormen-prozesu baten bidez, berdintasuna, errespetua, adiskidetasuna, lankidetza eta aniztasuna landuko dituzte. Tailerrak adierazpen artistikoa eta ikaskuntza uztartuko ditu, parte-hartzea eta talde-lana sustatuz, giro seguruan.
Frida Kahlo tailerra – Zurrutokian
Nerabeek Frida Kahloren bizitza eta berdintasunaren alde egindako ekarpena ezagutuko dituzte lehenik, eta ondoren birziklatutako potoak apaindu eta loreontzi bihurtuko dituzte. Proposamen honek kultura, jasangarritasuna eta sormena uztartzen ditu, artearen bidez hausnarketa eta garapen pertsonala sustatuz.


